Mende laurdena beteko du aurten Ibaimendik, eta «orain arte jasotako babesagatik», sorpresa berezia antolatu dute Anek eta Koldok datorren asterako. Likidazioa egingo dute, eta eskaintza ezin hobeak izango dituzte dendan. Hori guztia prestatzen aritu dira azken aste honetan, eta astelehenean zabalduko dute denda, prezio merketuekin.
25 urte egin dituzte atzera hasierako garaiak gogoratzeko. Guraizeak, ile-lehorgailua, arraitza eta labana utzi, eta harakin zein ile-apaintzaile izatetik dendari izatera pasa ziren Ane eta Koldo. «Kafe bat hartzen ari ginen lagunekin, Hernaniko taberna batean, eta orduan hasi ginen ideia lantzen», aipatu dute. «Egun denda dena, familiako lokala zen lehen, eta hutsik zegoen, inolako erabilerarik gabe. Hortaz, hizketan ari ginela, lokala denda bihurtzea aukera polita zela pentsatu genuen».
Baina, zer behar zuen herriak garai hartan? Galdera horri erantzuna aurkitu nahian, arrantzako eta mendiko materiala saltzen zuen denda bat etorri zitzaien burura egun hartan mahai baten bueltan kafea hartzen ari ziren lagunei. «Dendaren izena ere, hain justu, hortik dator, ibaia eta mendia. Lagunetako batek bota zuen proposamena, eta horretan gelditu zen: Ibaimendi», zehaztu du Koldok.
Kainaberak saltzetik, modako produktuak saltzera
Denda zabaltzeko erabakia hartu zutenetik, hasiera-hasieratik, jendearen babesa «izugarria» izan zela ziurtatu dute. «Lokala goitik behera erreformatu genuen eta osabak asko lagundu gintuen horretan, berak gidatu baitzuen proiektua. 24 ordu pasatzen genituen hemen, eta familiaren, lagunen zein herritarren laguntza ere haundia izan zen», kontatu dute.
Lehenengo hiru urteak «oso gogorrak» izan zirela onartu dute. Hala ere, lanerako gogoak oztopo guztiak gainditu zituen. «Nora gindoazen ez bagenekien ere, ilusio haundia genuen. Horrela, pixkanaka, proiektua indartzea lortu genuen», diote.
Urteak pasata, jardunaren noranzkoa aldatu eta arrantza uzteko unea heldu zen. 2008ko krisian, gainera, denda haunditzeko apustua egin zuten. Bigarren erreforma izan zen hura, eta, berriro ere, ingurukoen laguntza sumatu zuten Anek eta Koldok erronka horretan. «Dendako bigarren pisua emakumeentzako modarako eta apaingarrietarako erabiltzea erabaki genuen eta, lehenengo pisuan ere, gizonezkoentzako modako produktuak gehitu genituen», aipatu du Anek. Horrela, aukera haunditu zieten bezeroei, «baina, noski, mendirako materiala eta outdoorra mantenduta».
Horrekin batera, bigarren obran denda haunditu zutenez, langileen plantila ere zabaldu zuten. «Nire anaia Montxi hasi zen gurekin lanean», kontatu du Koldok, irrifartsu. Ordutik, beraz, hiru langile ditu Ibaimendik.
«Jasotako babesa eskertu nahi dugu»
Ibaimendik beti erantzun die bezeroen beharrei, «beraiek ere beti egon direlako hor», adierazi dute. «Pentsa, arrantzarako kainaberak saltzetik modako gauzak saltzera egin dugu saltoa!», azaldu dute. Eta, noski, denda bera ere asko aldatu da 25 urtetan, eta bezeroek hantxe jarraitzen dute. «Lehen arrantzarako gauzak erostera etortzen zirenak, gaur egun ere dendara bertaratzen dira erosketak egitera», aipatu du Anek. Eta, garai zailenetan ere, jendearen babesa izan dute. «Pandemian, denda bi hilabetez itxi behar izan genuen, eta irekitzeko aukera izan genuenean, hitzorduarekin egin genuen. Hau da, herritarrek zita hartu behar zuten erosketak egitera etortzeko. Ba, garai zail horretan ere, agenda betetzen genuen», kontatu du Koldok, esker onez.
Esandakoagatik, mende laurdena behar bezala ospatzeko eta «jasotako babesa eskertzeko», Anek eta Koldok esku zabalik hartuko dituzte bezeroak Ibaimendin, datorren astelehenetik aurrera.