Beste bi garaipen lortzeko aukera, Euskal Ligako boleibol taldeek

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 26a, 00:00

Hernaniko neskek nafartarren aurka neurtuko dituzte indarrak, gaurkoan.

Neskak eta mutilak etxetik kanpo ariko dira gaur Iruñean eta Logroñon, hurrenez hurren.

Hernaniko boleibol taldeek asteburu berdinean beste bi garaipen lortzeko nahiarekin bidaiatuko dute gaur Iruñeara eta Logroñora. Euskal Ligako taldeek denboraldi ofizialeko hamairugarren partiduak izango dituzte. 

Neskak Iruñeara joango dira gaur Universidad de Navarra-Ener Parking taldearen aurka jokatzera. Nafarrak azkeneko postuan daude sailkapenean eta hernaniarrek aukera haundia dute puntuak lortzeko. 20:00etan hasiko da partidua, Nafarroako Unibertsitateko kiroldegian eta bolada onari jarraipena eman nahi diote neskek. Aurreko asteko garaipena itzela izan zen, izan ere, bi partidu bakarrik galdu zituen talde baten kontra jokatu zuten. Astetik astera gero eta sendoago daude hernaniarrak eta irabaziz gero, zazpi garaipen eta sei porrotekin jarriko lirateke sailkapenean, goiko postuei begira. 

 

Mutilek aurkari gogorragoa, jardunaldi honetan 

Mutilek ere etxetik kanpo jokatuko dute, Logroñora, hain zuzen ere. Ojaconecta Idoneo-Universidad de la Rioja taldearen aurka jokatzeko. 19:00etan hasiko da, gaur, partidua eta maila oso antzekoa duten bi talderen arteko norgehiagoka izango da. Puntu baten aldea dute errioxarrek, garaipen bat gutxiago lortu eta gero partidu kopuru berean. 

Urtarrilaren amaieran Hernanin jokatutako partiduan, etxekoek, 0-2 galtzen hasi eta gero, buelta eman zioten partiduari eta 3-2 irabazi zuten. Orduan lehia luzea, polita eta estua ikusi zen eta, oraingoan, hernaniarrak partidua irabazten saiatuko dira, nahiz eta argi duten horretarako gauzak ongi egin beharko dituztela, hasieratik bukaereraino.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!