Udalak pozik hartu du Coutheko proiektuari berriro ekiteko akordioa

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 26a, 00:00

Akordioa itxi zuten ostegunean.

Galarretako parke teknologikoaren garapenarekin duen konpromisoa berretsi du.

Couth enpresaren eraikin berria Hernanin instalatzeko proiektuari berriro ekiteko erabakia hartu zen ostegunean, Donostian egindako bileran. Bilera horretan, parte hartu zuten Hernaniko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, Couth enpresak, Parke Teknologikoen sareak eta Sprilurrek. 

Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak, osteguneko bileran, oso positibotzat jo zuen gaia bideratu izana, eta azpimarratu zuenez, «beti jarri ditugu mahai gainean gure esku zeuden baliabide guztiak, bai Galarretako parke teknologikoa garatzeko eta, jakina, baita Couthek eraikin berria Hernanin kokatzeko ere».

Couth enpresa hernaniarra herrian gelditu eta lantegi berria Galarretan jartzeko xedez hainbat hilabetez lanean aritu ondoren, Coutheko zuzendaritzak urtarrilean iragarri zuen proiektua bertan behera utzi nahi zuela. Orduz geroztik, Hernaniko Udala egoera bideratzen saiatu da inplikatutako aldeekin. Xabier Lertxundik adierazi zuenez, «proiektuari berriro ekiteko irekita egon gara beti. Inoiz ez dugu etsi, eta proiektua berreskuratzeko ahalegindu gara».

 

Konpromiso sakonago baten lehen alea baino ez da

Inplikatutako aldeen interes eta mugimenduen ondorioz, bilera egin zen Parkeko egoitzan, Donostian, eta bertan parte hartu zuten Hernaniko alkate Xabier Lertxundik; Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak; Couth-eko zuzendari Jose Antonio Erdoziak; Parke Teknologikoen Sareko presidente eta zuzendari Estibaliz Hernáezek eta Itziar Epalzak, hurrenez hurren; eta Sprilur-eko zuzendari nagusiak, Txaber Ourok.

Couth enpresaren lantegi berria Galarretako Campusean kokatzeko ostegunean lortutako akordioa konpromiso sakonago baten lehen alea baino ez da, adierazi zutenez. Izan ere, inplikatutako erakundeek plazaratu zuten parke teknologiko horrek etorkizunean suspertzeko konpromisoari eusten diotela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!