«Loteria irabaziz gero, piloto bezala hartuko nuke parte rallyetan»

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 26a, 00:00

Oier Mendizabal eta Maria Ruiz Gernikako rallyan

Maria Ruiz Lujanbio, 24 urteko hernaniarrak, joan den urteko urrian kopiloto gisa bere lehenengo rallyan hartu zuen parte Oier Mendizabal pilotoarekin. Aitortu du gustatuko litzaiokela aurten ere jarraitzea. Argazkiak ateratzen ditu eta bere ametsa piloto izatea da.

Maria Ruiz Lujanbiok 24 urte ditu eta aurreko urtean, lehenengo aldiz, Gernikako rallyan kopiloto lanetan aritu zen. Oier Mendizabal pilotoarekin, urrian osatu zuen lehendabiziko lasterketa. Eta, lasterketetan argazkilari izatetik, kotxe barrura igotzea igaro zen. «Afizioz, argazkiak ateratzen hasi nintzen; eta, lagunak egin eta gero, aukera hori iritsi zitzaidan. Etorkizun hurbilean ez daukat lasterketarik kopiloto gisa parte hartzeko, baina aukera izanez gero, berriro animatuko nintzateke».

Urrian, Gernikako rallyan egin zuen debuta. «Goizetik arratsalderaino lau zati osatzen dira, egun guztian, eta hori izan zen nire lehendabiziko eta, oraingoz, azken lasterketa». Esperientzia ezin hobea izan zen hura Mariarentzat. «Asko gozatu nuen egun hartan. Beti joan izan naiz lasterketak ikustera. Kanpotik ongi ezagutzen nuen motorraren mundua eta esperientzi berri hau, egia esan, oso ona izan da».

Horretarako prestatu behar izan zuen Ruiz Lujanbiok. «Hasiera batean, ibilbidearen oharrak edo apunteak hartu behar izaten dira. Astebete aurretik, rallyko ibilbidera joan behar da oharrak hartzera, gero xehetasun guztiak pilotoari ongi adierazteko. Egun horretan, urduri nengoen Oierri datuak ondo esan nahi nizkiolako. Baina, azkenean, konfidantza baldin baduzu, ondo joaten da dena; eta horixe bera gertatu zen, oso ondo joan zen lasterketa. Lehenengo itzulia eginda, urduritasuna joan zen eta oso polita izan zen. Gure helburua zen parte hartzea, bukatzea eta ongi pasatzea. Helburu hori, gutxienez, bete genuen. Egin genuen denbora begiratu ere ez genuen egin». 

 

«Gorriz margotutako oharrak derrigorrez irakurri behar dira»

Oier Mendizabal pilotoak kopiloto lanetan hasteko laguntza eskaini zion Mariari. «Liburu batzuk eman zizkidan ofizioa ikasteko, batik bat, oharrak nola hartu ikasteko. Laburbildu egin behar da seinaleekin, marrazkiekin. Astebete aurretik, joan ginen Gernikara eta ibilbidea egin genuen. Koadernoan apunte guztiak hartu nituen eta koloreekin arrisku gehiago edo gutxiagoko zatiak gogoratu: gorriz, arriskutsuenak; eta berdez, berriz, abiadura haundian osatu behar diren eremuak. Beldurra nuen ea abiadurarekin lasterketako momentuan ez zidan denbora emango oharrak hartzeko. Baina, lasterketan kontzentratuta sartzen zarenean, ondo hartzen eta helarazten dira datu guztiak. Baten bat ahaztuz gero, kurba batean, esaterako, oharretan apuntatu ohi da erreferentzia gisa ikusi duzun zerbait (kartela, adibidez). Hortaz, galtzen bazara kartel hori ikusi eta non zauden jakingo duzu». 

Maria Ruiz Lujanbiok dioenez, «berez, ohar denak irakurtzen dira, baina, batez ere, gorriz margotutakoak. Horiek derrigorrezkoak dira. Kurba ezkerretara edo eskubitara den esaten da, angulua  nolakoa den eta zuzenguneak zenbat metro dituen. Arriskuren bat badago ere esan behar da».

 

 «Rallyak ikusten hasi nintzen 10 urterekin, baina gero motoetara pasa nintzen»

«Rallyak ikusten orain 10 urte hasi nintzen, baina, gero, albo batera utzi eta moto lasterketetara hurbildu nintzen. Argazki kamerarekin jolasean argazkiak ateratzen hasi nintzen moto lasterketetan. Orain dela pare bat urte, lagun baten bitartez berriro hasi nintzen rally lasterketetara joaten. Orain, bitan zatitzen dut lana eta afizioa; motoetara batzuetan eta kotxe lasterketetara, beste zenbaitetan».

Pandemiaren eraginez, lasterketa asko eta asko bertan behera gelditu ziren. Horrek, Mariaren jardunean ere, noski, eragina izan zuen. «Motorren lasterketetan, antolatzaileek lasterkari bakoitzari prentsa paseak ematen zizkion, eta nik bide hori erabiltzen nuen ikustera joateko. Osasun egoera medio, gainera, ikusleek ezin zuten joan lasterketara joan. Nik, hori bai, lortzen nuen sartzea zirkuitoetara».

 

«Euskal Herrian afizio haundiaga dago rallyetan, motorrean baino»

Covid-19ak eragindako olatuetan, rally lasterketak bertan behera gelditu ziren. «Motorrean badago afizioa, baina, Euskal Herrian, afizioa haundiagoa da rallyetan. Horrek ekartzen zuen jende asko elkartzea zati eta kurba konkretu batzuetan; hain zuzen, jendeak gustuko dituen horietan. Horregatik hartzen zen bertan behera uzteko erabakia, jende pilaketak ekiditeko».

Martxoaren 6an, gaur zortzi, hasiko da rally denboraldia. «Gabiriko rallyesprintak irekiko du denboraldia, eta argazkiak ateratzera joango naiz», nahiz eta gustatuko litzaiokeen kopiloto bezala ere parte hartzea. «Aurten, aukeraren bat izan liteke eta, egonez gero, dudarik gabe kotxera igoko naiz. Orduan niri aterako dizkidate argazkiak». 

Maria Ruiz Lujanbiok bere ametsa ere aitortzen du. «Loteria irabaziz gero, piloto bezala hartuko nuke parte. Oraingoz, kopiloto bezala jarraituko dut».  

 
«Argazkigintzarekin nire bi pasioak uztartu ditut»

Argazkigintza da Mariaren beste pasioa, eta horri lotuta hurbildu da lasterketa askotara. Kotxe eta motoen abiaduran argazkiak ateratzea ez da, gainera, lan erraza. «Mugikor batekin hasi nintzen argazkiak ateratzen eta, asko gustatzen zitzaidanez, argazki-kamera erosi nuen. Hurrengo pausoa ikastaro bat egitea izan zen. Hasieran, modu automatikoan ateratzen nituen argazkiak eta ikastaro horretan kamera modu manualean nola erabili ikasi nuen. Kotxe eta motoetan abiadura behar da behar bezalako argazkiak ateratzeko. Gero eta gehiago ikasi dut, argazki hobeak ateratzea lortu dut eta kamera hobeak erosteko aukera izan dut. Praktikak ere, egia esateko, asko irakatsi dit. Pixkana, gauzak hobeto egiten ditut eta jendeak ere argazkiak eskatzen dizkit».

Bere argazkiak sare sozialetan ikusi daitezke eta pilotoek ere eskatzen dizkiote. «Denei gustatzen zaigu gure argazkiak ikustea, baita pilotoei ere. Hobby gisa ateratzen ditut». Hala ere, instagramen @22mariaphotos kontuan ikusi daitezke eta, Facebooken ere, Maria Ruiz Lujanbio orrialdera igotzen ditu. «Hasieran, argazkiak atera eta lasterkariei bidaltzen nizkien irudiak. Hori erokeria bihurtu zen eta, orain, argazkiak editatu eta gero, Facebookera eta Instagramera igotzen ditut. Horrela, beraiek  argazkiak deskargatu ditzakete. Konfidantzako lagunei zuzenean bidaltzen dizkiet argazkiak. Ez naiz lan honetatik biziko, baina argazkiengatik ordainketa sinbolikoa eskatzen hasiko naiz. Lan haundia da eta uste dut merezi dudala. Jende askok eskatzen dizkit argazkiak eta eskertzekoa da».

Bere bi afizioak uztartzea lortu du Mariak, baina aitortzen du saiatu zela argazkigintzan beste bide batzuk irekitzen. «Dena den, kotxe eta moto lasterketetako argazkigintzara itzultzen naiz behin eta berriz. Dibertigarriagoa egiten zait».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!