%1,5eko igoera izango da aurten, Hernaniko Udalaren hainbat tasatan

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 24a, 00:00

Telekomunikazio azpiegiturak hobetzeari buruz, mozio bateratua adostu zuten udal talde guztiek, eta aho batez onartu zuten Plenoan.

Asteartean bildu zen Hernaniko Udaleko Plenoa, ohiko deialdian; eta bi zati nagusi izan zituen saioak: bata, hainbat udal ordenantzatako hobariei edota tasei buruzkoa; eta bestea, telekomunikazio azpiegiturak hobetzeari buruzkoa.

Sei puntutan zehar landu zuten aurrenekoa, eta hainbat erabaki hartu zituzten. Horrela, besteak beste, aldatu zuten energia berriztagarriak aprobetxatzeko sistemen inguruko udal zergen hobariei dagokien atala, udal ordenantza Gipuzkoako Foru Aldundiaren arauetara egokitzeko. Horrela, %50eko hobaria izango dute energia berriztagarrien aprobetxamendu termiko edo elektrikoa ahalbidetzen duten sistemak ezartzen dituztenek; eta hobari hori %95era haundituko da, zergadunak irabazi asmorik gabeko Energia Berriztagarrien Komunitateari lotuta daudenen kasuan. EH Bildu, EAJ-PNV eta Orain Hernaniren aldeko botoekin onartu zen proposamena, eta abstenitu egin zen PSE-EE.

Tasei zegozkien puntuen artean, onartu zuten, baita ere, %1,5eko igoera aplikatzea udal tasa batzuetan: Hernani Musika Eskola, Kantuz Musika Eskola, kultura arloko ikastaroak, Udal Euskaltegia, kiroldegia, Haur Eskolako jangela, eta emakumeentzako jabetze ikastaroak. EH Bilduren eta Orain Hernaniren botoekin onartu zen igoera; kontra bozkatu zuen EAJ-PNVk, eta abstenitu egin zen PSE-EE. Udalekuetako tasak, berriz, ez dira aldatuko, baina moldaketak egingo dituzte kobraketa epeetan eta baja ematekotan kobratuko den zenbatekoan.

Udal ordenantzei buruzko gaiak bukatuta, aho batez onartu zioten bateragarritasun eskaera udal langile bati, «bi lanpostuak bateragarriak direlako, eta ez dutelako gainditzen %100eko lanaldia, bien artean».

Eta ondoren, telekomunikazio azpiegiturak hobetzeari buruzko mozioa onartu zuten, aho batez. Testu bana aurkeztu zuten EH Bilduk eta PSE-EEk, baina bozeramaileen batzordean testu bateratua adostu zuten udal talde guztiek. Bertan, nabarmendu dute herrian «arrakala digitala» agerikoa dela, eta Kaxkoan, Karabelen, Zikuñagan edota landagunean zailtasunak dituztela, interneterako sarbidea izateko. Eta NBEk oinarrizko giza eskubide izendatu zuenez, hiru konpromiso hartu ditu Udalak, hori bermatzeko: haustura digitalik gabeko jendartea garatzeko pausoak ematea; behar diren inbertsioak egitea telekomunikazio azpiegiturak errazteko, ez daukaten guneetan, Kaxkoan adibidez; eta eskuhartze horiek 2022an planifikatu, eta emaitzak 2023an zehar indarrean jartzea. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!