Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiak lau geldialdi egingo ditu Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 24a, 00:00

Astelehenean aurkeztu zuten Ahoz Aho jaialdia, Ordiziako Barrena jauregian.

Tolosan eta Ordizian sortu zen ekimenarekin bat egin du Hernaniko Udal Liburutegiak, jaialdiaren 15garren edizioan. Martxoaren 2an hasiko da.

Hernanira ere iritsiko da aurten, aurrenekoz, Ahoz Aho ekimena, Ahozkotasunaren Nazioarteko Ja­ialdia, Intujai Teatroak antolatuta. Tolosan eta Ordizian sortu, eta dagoeneko 13 udalerritara hedatu da jaialdia, eta oraingoan, ekimenarekin bat egin du Hernaniko Udal Liburutegiak. 15garren edizioa izango du Ahoz Ahok, eta lau geldialdi egingo ditu gurean, martxoan zehar. Horietan, jatorri ezberdinetako narratzaileak izango dira Hernanin, mota guztietako publikoei zuzendutako istorioak kontatzeko.

Martxoaren 2an izango da aurreneko hitzordua, eta Itziar Rekalde kontalariak eskainiko du saioa, arratsaldeko 19:00etan hasita, Udal Liburutegian. Esperientzia haundiko kontalaria da Rekalde, 1997an hasi baitzen horretan. Ordutik dabil «ipuinak bilatzen, asmatzen, idazten eta irakurtzen; baina, batez ere, zerbait kontatu nahi dioten guztiei entzuten, eta bere ipuinak entzun nahi dituzten guztiei, kontatzen», azaldu duenez. Helduei zuzendutako saioa izango da, Hernanin eskainiko duena; eta kontakizunaz gozatzeko, gonbidapena eskuratu behar da aldez aurretik: Biterin, edo kultura.hernani.eus webgunean.

Astebete beranduago egingo du bigarren geldialdia jaialdiak, martxoaren 9an; eta orduan, La Matrioska konpainia txiletarra etorriko da Hernanira. Zikuñaga auzoko Libgunean eskainiko du emanaldia, 17:30etan hasita. Gaztelaniaz izango da, eta familia giroan gozatzeko moduko saioa emango dute.

Martxoaren 18an, berriz, Biterira bueltatuko da jaialdia, eta egun horretan egingo dute ahozkotasunaren gala nagusia, 18:00etan hasita. Bost kontalari eta artista izango dira bertan: Tarana Karim azerbaijandarra, Nicolas Buenaventura kolonbiarra, eta Iñaki Carretero, Maider Alcelay eta May Gorostiaga euskal herritarrak. Helduentzako modukoak zein familian gozatzekoak izango dira kontakizunak, euskeraz eta gaztelaniaz.

Eta azkeneko geldialdia, martxoaren 21ean egingo du Hernanin, ahozkotasunaren nazioarteko trenak. Kattalin Salaberry eta Jokin Irungaray izango dira gurean, eta haurrentzako kontaketa saioa eskainiko dute Antziola auzoko Libgunean, 17:30etan hasita.

 

«Inoiz baino indartsuago», Ahoz Aho jaialdia

Astelehenean aurkeztu zuten Ahoz Aho jaialdiaren 15garren edizioa, Ordiziako Barrena jauregian; eta bertan izan zen Rakel Gonzalez ere, Hernaniko Udal Liburutegiko arduraduna, Intujai Teatroko eta Ordiziako eta Tolosako udaletako ordezkariekin batera. «Aurten inoiz baino indartsuago dator jaialdia, eta pozgarria da herri berriak gehitzea egitasmo honi», adierazi zuen Intujai taldeko May Gorostiagak: «bereziki aipatu nahiko genuke Hernani, apustu polita egin baitute lau emanaldi eta Ahozkotasunaren Gala antolatuta».

Zentzu horretan, Rakel Gonzalezek nabarmendu zuen, «aurrerapauso garrantzitsua» dela Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiarekin bat egitea: «lehen, ipuin jaialdi bat egiten genuen, baina bertan behera gelditu zen. Ahoz Ahon parte hartzeak, aukera ederra ematen digu Hernanin berriro ipuin kontaketa jaialdi bat edukitzeko. Oso pozik gaude», nabarmendu zuen.

Beste hainbat herritan ere izango ditu emanaldiak, Ahoz Aho jaialdiak: Oñatin, Arrasaten, Aramaion, Amezketan, Lizartzan, Ibarran, Ataunen, Albizturren...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!