Langile Ikastolako pasarteak oholtza gainera, apirilaren 2an

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 23a, 00:00

Pandemiak eraginda, aurreikusitako ospakizun gutxi egin zituzten urteurrenean.

Antzezlanaren bi emanaldi eskainiko dituzte: lehena goizeko 10:45etan, eta bigarrena eguerdiko 12:45etan, Biterin.

Langile Ikastolaren 50garren urteurrenaren bueltan, ikastolaren ibilaldiari buruzko antzerkia prestatu zuten duela bi urte, baina Covid-19a iritsi eta dena bertan behera gelditu zen: «une horretan, Biterin emanaldi batzuk eskaintzear geunden», adierazi du antzerki taldeak.

Hala ere, indarberrituta, eta «pandemiaren egoera hobetu delakoan», ekimenaren ideia berreskuratzeko apustua egin dute antzerki taldekoek, eta argi adierazi dute prest daudela emanaldia eskaintzeko. Antzezlanak honako izena du: Bazen behin... duela 50+2 urte… Langile…

Beraz, antzezlan hau oholtza ginean ikusteko aukera izango dute herritarrek, apirilaren 2an, hain zuzen ere. Bi emanaldi eskainiko dira, gainera: lehena, goizeko 10:45etan hasiko da, eta bigarrena, berriz, eguerdiko 12:45etan. 

Bi saio hauetarako sarrerak agortuko balira, beste emanaldi bat antolatzeko prestutasunez agertu dira antzerki taldekoak, eta horretarako data apirilaren 3a izango litzateke, igandea. 

Oholtza gainean ikusiko den lana, ikastolarekin lotura izan duen jendeak sortutakoa izan da; hala nola, zuzendariak, gidoilariak, antzezleak, musikariak, abeslariak, teknikoak… Antzezlan honekin, jendearen arreta piztea da asmoa: «herritarrak hunkituko dituzten pasarteak kontatuko ditugu, bizitako une zail eta gozo asko gogoraraziz. Betiere umore tanta baten ukituarekin, pandemia dela eta, umorea ere ia galdu dugun honetan, jendeak barre pixka bat egin dezan!».

Emanaldirako sarrerak 5 euro balio du, eta Biterin bertan erosteko aukera izango da, martxoaren 7an, 8an eta 9an, arratsaldeko 18:00etatik 19:00etara bitartean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!