Euskara eta Hezkuntza Saileko arduradun lanposturako, lehiaketa

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 22a, 00:00

Zabalik dago epea hautaketa prozesuan parte hartzeko, martxoaren 7ra arte. Beharrezkoa da funtzionarioa izatea Hernaniko Udalean.

Lehiaketa jarri du martxan Hernaniko Udalak, Euskara eta Hezkuntza Saileko arduradun lanpostua betetzeko, hutsik geratuko dena. Joan den astean argitaratu zituzten lehiaketaren oinarriak, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta martxoaren 7ra arte dago epea, hautaketa prozesuan parte hartzeko eskaerak aurkezteko.

Horretarako, hori bai, hainbat baldintza bete beharko dituzte, interesa dutenek. Horietako bat da, Hernaniko Udaleko administrazio orokorreko edo bereziko eskalako karrerako funtzionarioa izatea, eta A2 taldeko plaza batean behin betiko adskribituta egotea. Gainera, titulu akademiko hauetakoren bat izan beharko dute: ingeniaritza teknikoa, unibertsitateko diplomatura edo gradua, arkitektura teknikoa edo maisu-maistra. Eta euskarako C2 maila izatea ere eskatuko da. Baldintza guztiak ikusgai daude hernani.eus webgunean, lehiaketaren oinarriekin batera.

Hautaketa prozesuan parte hartzeko eskabideak, eskuragarri daude udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzuan, eta Udalaren webgunean bertan. Eskaerak, behar bezala beteta, HHZn edo Udalaren erregistro elektronikoan aurkeztu beharko dira, martxoaren 7ra arte.

Eskaerak jasota, onartutakoen eta baztertutakoen behin behineko zerrenda argitaratuko dute, eta baztertutakoek 10 eguneko epea izango dute hori eragin duten akatsak edo hutsuneak betetzeko. Behin betiko zerrendatik, epaimahaiak proposatuko du hautagai bat, postua betetzeko, honakoak kontutan hartuta: laneko esperientzia, prestakuntza ikastaroak, eta titulu ofizialak. 

Hautagai bakoitzari kalifikazio bat emango diote, eta puntuaziorik altuena duena izendatzea proposatuko dute. Udalaren iragarki taulan eta webgunean argitaratuko da hori.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!