Garaipena Euskal Ligako taldeek, asteburu honetako norgehiagoketan

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 22a, 00:00

Euskal Ligako nesken taldea, Jatorkideren aurkako partiduan.

Nesken taldea 3-2 gailendu zen Jatorkideren aurka. Mutilek 3-0 garaitu zuten Arizmendi.

Asteburu borobila izan da Hernaniko boleibol taldeentzat. Euskal Ligan, mutilen taldeak Arizmendi izan zuen aurrez aurre, eta garaipen argia lortu zuen etxean: 3-0. Neskek, berriz, igandean jokatu zuten Jatorkideren aurkako norgehiagoka, eta 3-2 garaitu zituzten gasteiztarrak. 

 

Bitik bi, Euskal Ligan

Mutilen taldeak larunbatean jokatu zuten norgehiagoka Arizmendiren aurka. Kontrolpean izan zuten partidua eta azken puntuetara abantailarekin heltzea lortu zuten hernaniarrek. Jokoak 25-21, 26-24 eta 25-19ko emaitzekin amaitu ziren. Oraingo honetan ere, Eligio Rodriguez entrenatzaileak gazteen aldeko apustua egin eta jokalari jubenilei eman zien jokatzeko aukera. «Ezin hobeto ari dira, eta aukera gehiago izango dituzte datozen partiduetan», aipatu zuen.

Neskek, berriz, igandean neurtu zituzten indarrak Gasteizko Jatorkideren kontra. Ez zen partidu erraza espero, gasteiztarrek bigarren postua baitzuten sailkapen orokorrean, eta, gainera, liderrarekin berdinduta puntuetan. Nolanahi ere, gogor borrokatu zuten hernaniarrek, eta bikain aritu ziren pistan. Bi ordutik gorako partidua izan zen, eta, azkenean, emaitzak etxekoen alde egin zuen: 3-2. 

Lehenengo jokoak oso desorekatuak izan ziren; lehena  16-25 galdu zuten etxekoek eta, bigarrena, berriz, 25-17 irabaztea lortu zuten. Hurrengo jokoak, ordea, parekatuak izan ziren, eta bi taldeen arteko lehia eta joko ona izan ziren nagusi. Azken jokoa hobeto jokatu zuten etxekoek; izan ere, gasteiztarrek lidertza zuten jokoan, eta urduri aritu ziren partiduko azken txanpan. Hori aprobetxatuta, aurretik jarri zen Hernani, eta, azkenean, 15-10eko emaitzarekin amaitu zen partidua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!