Maitelan kooperatiba elkarteak bi urte bete ditu «zainketa duintzen»

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 21a, 00:00

Maitelan kooperatibako kideak bi urte ospatzen.

Bi urte horietan lorpen haundiak lortu dituzte. «Lan egonkortasuna ere lortu dugu», dio Elisa Peredok.

2022ko otsailaren 11n, Maitelan zaintza kooperatiba elkarteak bi urte bete zituen gizarte-ekonomiako proiektu gisa sortu zenetik. Maitelan irabazi asmorik gabeko kooperatiba integrala da, langileak, erabiltzaileak eta laguntzaileak biltzen dituena.

Maitelan elkartetik diotenez, «gure helburua zainketen sektoreko langileen lan baldintzak duintzea da, erabiltzaileari arreta berezia eskaintzea eta elkarlanean aritzea. Uste dugu kooperatiba zubi bat izan daitekeela egoera irregularrean dauden pertsona migratuek beren egoera administratiboa erregularizatu ahal izateko».

Maitelanek mendekotasunak dituzten pertsonentzako zaintza-zerbitzuak, gizarte-laguntzako zerbitzua, ospitale-laguntza, etxe eta bulegoetako garbiketa, eta eta auzozaintza proiektuaren baitan Bidelagun zerbitzu berria ere eskaintzen ditu.

Proiektu hori Zabalduz S. Koop-en eta Hernaniko Udalaren lankidetzarekin garatzen da. «Partikularrentzat, batez ere gizarte-ekonomiako enpresentzat eta erakunde publikoentzat lan egiten dugu, eta horrek lagundu digu elkarren arteko laguntza- eta lankidetza-sare bat sortzen».

 

«Emakume migratzaileak lan-merkatuan baldintza duinetan integratzeaz gain, bezeroek merezi duten
zerbitzua eskaintzen diegu»

Orain arte lorpen ugari lortu dira. «Emakume migratzaileak lan-merkatuan baldintza duinetan integratzeko gai izateaz gain, gure bezeroek merezi duten zerbitzua ere eskaintzen diegu, adinekoei arreta emateko beste modu bat dagoela frogatuz»

Gainera, beraien jarduera-eremua udalerri mugakideetara zabaltzen ari dira, eta «gure esperientziaren berri ematen diegu ezagutu nahi duten guztiei. Gure komunitatea egindandako lanarekin harro sentitzea nahi dugu, baita ingurukoak ere», aipatzen dute Maitelaneko kideek.

Elisa Peredo Quiroz lehendakariaren hitzetan, «lortu dugun gauzetako bat bezeroaren gogobetetzea da, konfiantza eta, aldi berean, erabiltzaileak eskertuta daude, gure aldetik laguntza haundia sentitu bai dute. Pertsona ardatz duen lan desberdina da egiten duguna. Gure beste lorpenetako bat jendeak Maitelani buruz erreferentzia onak entzun dituela da. Maitelani buruz, langileek ongi hitz egiten dute eta Tolosatik bertatik ere iristen zaizkigu curriculumak».

Hori kooperatibaren martxa onaren adierazgarri da kooperatibarentzat, «hasieran jendeak ez baitzuen konfiantzarik kanpoko pertsonen kooperatiba batean. Orain gauden langileen lan egonkortasuna ere lortu dugu, gaur egun ia lanaldi osoko zortzi langile gara. Hori lorpen haundia da guretzat. Gainera, langileok guk geuk lortu dugu dugu kooperatibaren koordinazioa eta administrazioa kudeatzea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!