'Kirol apustuak eta ausazko jokoak: Zer egin dezake familiak?' hitzaldia, Biterin

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 20a, 00:00

Kirol apustuak eramango dira erdigunera hitzaldian

Martxoaren 2an izango da doan, 18:00etan hasita, nerabeen gurasoentzat dago zuzendua eta Estibaliz Ansotegi da trebatzailea.

Hernaniko Udaleko Haur eta Gazteria Arloa eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren artean antolatutako Treba Gurasoak programaren bigarren hitzaldia eskainiko da martxoaren 2an, 18:00etan Biteri kultur etxean. 

Nerabeen eta gazteen gurasoei zuzendutako hitzaldia bada ere, interesa duen edonork parte hartu dezake bigarren saio honetan. Kirol apustuak eta ausazko jokoak. Zer egin dezake familiak? izenburupean, Ortzadarreko Estibaliz Ansotegi Guruziagak gai horren xehetasunak azalduko ditu. Hitzaldia euskaraz eskainiko da eta aldibereko itzulpen zerbitzua eskainiko du Idoia Noblek.

Ordu eta erdiko hitzaldia izango da eta jokabide-adikzioei edo substantziarik gabeko adikzioei buruzko informazioa eman nahi zaie familiei, kirol apustuak eta ausazko jokoak bereziki azpimarratuz, gaiarekin zerikusia duten kontzeptuak argitzeko eta horiek hezteko zereginean laguntzeko.

Jokabide-mendekotasunei buruzko ezagutzak eta oinarrizko informazioa emango da, bereziki kirol apustuei eta ausazko jokoei buruzkoa, eta horiekin lotutako arrisku espezifikoei buruzkoa.

Zer den jolasa identifikatuko da; joko osasungarria versus joko patologikoa. Joko erakargarri eta mendekotasun-ahalmen bihurtzen dituzten jokoen ezaugarriak azaleratuko dira.

Arazo ez bihurtzeko gakoak, kontsumo edo erabilera arazotsuak goiz atzematea eta 'zer egin dezake familiak?' galderari erantzungo zaio.

Hitzaldia izan arren eta formatzailearen azalpen teoriko-praktikoa eduki arren, bertaratutakoak parte hartzera gonbidatuko dira, bi noranzkoko komunikazioa sustatuz.

 

Lau hitzaldi eskainiko dira eta dagoeneko 'Haurrak eta internet' gaia jorratu da

Treba Gurasoak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren prestakuntza-ekimen berria da, eta gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatuz, haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzea du helburu. Tresna arina eta eraginkorra izan nahi du, hainbat eragileren lankidetzaren bidez, guraso izateari dagokion ezagutza lurralde osoan transmititzeko.

Treba Gurasoak programak hitzaldi eta tailer katalogo bat du. Katalogoa ikastetxeekin, guraso elkarteekin eta Zerbitzu Sozialekin partekatu ondoren, denon artean hainbat hitzaldi eta tailer aukeratu dira Hernanin antolatzeko. Guztira, ikasturte honetan zehar 4 hitzaldi eskainiko dira.

Haurrak eta Internet gaia jorratu zen lehen hitzaldian. 26 pertsonek parte hartu zuten eta hitzaldiaren balorazio positiboa egin zuten

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!