Zortzi saio antolatu ditu Doberak, «helduak euskerara hurbiltzeko»

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 19a, 00:00

Martxoaren 9ra arte dago aukera tailerretan izena emateko, eta hainbat modu daude:' dobera@dobera.eus'-ra idatzita, edo telefono hauetara deituz: 943 33 27 99 / 662 406 692. 

Euskeraz ez dakiten helduentzako tailerrak antolatu ditu Dobera Euskara Elkarteak, «heldu euskaldunak ez direnak euskerara hurbiltzeko» asmoarekin. Saio horietan, gainera, partehartzaileek euskera ikasiko dute «gure txikien eta ipuinen laguntzarekin». Eta horrez gain, «Sorgina Txirulinaren laguntzarekin, haurrak izango dira helduen irakasle», azaldu dute Dobera Euskara Elkarteko kideek.

Helduek ez dute adin tarte finkorik, baina haurrek, bost eta zortzi urte bitartean eduki beharko dituzte. Hilabeteko larunbat batean egingo dira tailerrak, goizeko 11:00etatik 12:00etara bitartean. Honako hauexek izango dira egunak: martxoaren 12a, apirilaren 9a, maiatzaren 14a, ekainaren 18a, irailaren 17a, urriaren 15a, azaroaren 19a eta abenduaren 17a. Saio guztiak Biterin egingo dira, dohainik. Hori bai, parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar da, eta horretarako aukera martxoaren 9ra arte dago. Hainbat bide zehaztu dituzte izena emateko: dobera@dobera.eus helbide elektronikora idatzita, eta 943 33 27 99 / 662 406 692 telefonoetara deituta. Familia kopurua mugatua izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!