Zarautz izango du aurkari gaur arratsaldean, Astin, talde trikoloreak

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 19a, 00:00

Hernaniko jokalari bat, pasea ematen, Ohorezko B Mailako aurreneko itzulian.

Bigarren faseko bigarren jardunaldia du gaurkoa, talde zarauztarraren aurka, 16:00etan hasita.

Hernaniko errugbi talde nagusiak joan den asteburuan hasi behar zuen bigarren fasea, Ohorezko B Mailan, Ourenseko Monterrei zelaian. Baina koronabirus kasu positiboak izan ziren taldean, eta, beraz, atzeratu egin behar izan zuten partidua. Hori horrela, asteburu honetan ekingo diote bigarren faseari. Zarautzen daukate hitzordua gaur, etxeko talde bezala ariko diren arren, Asti zelaian. Eta Zarautz bera izango dute aurrez aurre, arratsaldeko 16:00etan hasita.

Bigarren fase honetan, trikoloreek zortzi partidu jokatuko dituzte, igoera fasera sailkatu ez diren taldeen kontra. Horien guztien artean, onena izan da Hernani, aurreneko itzulian; eta beraz, lider ekin dio bigarren itzuliari, 40 punturekin. Gainera, joan den astean jokatu ez zuen arren, zortzi puntura dauka bigarren sailkatua, Eibar, 32 punturekin. Gaurko kontrarioa, Zarautz, sailkapeneko laugarren postuan dago, 20 punturekin; eta beraz, irabazi beharrekoa daukate trikoloreek.

 

Talde barneratzailea, Lasarten

Errugbi barneratzaileko taldeak ere izango du hitzordua, asteburu honetan. Bihar izango du topaketa, Uni Bilbao taldearekin; eta Lasarte-Oriako Michelin zelaian ariko dira, goizeko 11:15etatik aurrera

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!