Martxoaren 15ean iritsiko da Laburbiraren XIX. edizioa Hernanira

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 19a, 00:00

'Hurrengo geltokia' film-laburraren grabaketa.

9 film labur proiektatuko dituzte. Saio berezia izango da, ondoren, solasaldia izango delako.

Otsailaren 25ean hasiko du ibilbidea 2022ko Laburbira film laburren zirkuitoak, Areatzan. Lantaronen amaituko da, apirilaren 4ean. Denera, 29 herritan ikusi ahal izango da 9 filmez osatutako bilduma, eta, Hernanin, martxoaren 25ean egingo du geldialdia. Biterin izango da proiekzioa, arratsaldeko 19:00etan hasita. Gainera, saio berezia izango da; izan ere, proiekzioa amaitu ondoren, solasaldirako aukera izango da zuzendarietako batekin. 

Laburbira zirkuitoa Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen du, eta, aurreratu dutenez, askotariko lanez gozatzeko aukera izango du ikusleak, «eduki zein estiloz aniztasun haundiko bilduma osatu baita aurtengo edizioan». Hauexek dira, hurrenez hurren, ikusi ahal izango diren ikus-entzunezkoak: Serendipia, Itsasontziaren mugimendua, Lanbroa, Falta zaizuna, Hurrengo geltokia, Rewind, Turnoka, Subandilla eta Itsaso. Horrekin, aurten, ikuslegoak 80 minututako emanaldiaz gozatuko du. 

Euskal zinemagintzaren erakusgarri aparta da Laburbira, 2021 urtean ekoitzitako film-labur adierazgarrienak ezagutzeko eta gozatzeko aukera eskaintzen baitie herritarrei. Urteroko martxari eutsiz, gainera, aurtengoan ere zuzendariekin solasaldia egiteko aukera izango da hainbat emanalditan. Udalerri horietako bat izango da, hain zuzen, Hernani. 

 

XIX. edizioa, aurtengoa

XIX. edizioa beteko du aurten Laburbirak, euskeraz ekoitzitako film laburren zirkuituak eta, azaldu dutenez, «urtez urte sendotzen doa egitasmoa». Aurtengo ediziora 19 lan aurkeztu dira, eta horietatik, 9 film hautatu dira herriz herri ikusi ahal daitezen. Aukeraketa prozesu hori «lurraldetasuna, genero berdintasuna eta lanen maila kontutan hartuz egin da».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!