Oriaren Jaitsieran ariko da Maialen trainerua, gaur arratsaldean

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 19a, 00:00

Uretara aterako da berriro Hernaniko Maialen trainerua, gaur.

Urteko bigarren estropada izango du Hernaniko traineruak, Orion, eta 17:22etan abiatuko da.

Gaur jokatuko da Oriaren Traineru Jaitsieraren 28garren edizioa, Orion; eta bertan izango da Maialen trainerua ere. Urteko bigarren estropada izango du Hernaniko traineruak, Portugaleteko Jaitsieran zazpigarren sailkatu ondoren.

Arratsaldeko 16:30etan hasiko da estropada, beteranoen traineruekin; eta 17:19etan ekingo diote neska absolutuen traineruek. Horien artean, abiatzen laugarrena izango da Hernani, 17:22etan. 4.000 metroko proba osatu beharko dute, Oria ibaiaren ibilbidean behera, Orion bukatzeko. Guztira, 16 traineru arituko dira nesken maila absolutuan, Euskal Herritik ez ezik, Espainia osotik etorritakoak: Club Nautico Gandia bi trainerurekin, Arraun Lagunak beste birekin, Mundaka, Rianxo, Castro, Zarautz, Ondarroa, Zumaia, San Juan-Lapurdi, Hondarribia, Tolosa, Donostiarra eta Orio.

Haien ondoren abiatuko dira maila absolutuko mutilak, eta beste 26 traineruk hartuko dute parte. Orio izango da abiatzen azkena, 18:00etan.

 

Beñat Odriozola, Distantzia Luzeko Espainiako Txapelketan

Baina Orion ez ezik, Galizian ere izango da Hernaniko arraunlaririk, asteburu honetan. Distantzia Luzeko Espainiako Txapelketa jokatuko da Ourensen, Castrelo de Miño herrian; eta arraun egokituko modalitatean ariko da Beñat Odriozola Aramburu hernaniarra, skiffarekin. 5.500 metroko ibilbidea osatu beharko du Odriozolak.

Asteburu honetan, batelek hartuko dute atseden, Gipuzkoako Ligan. Datorren asteburuan ekingo diote berriro, larunbatean Errenterian, seigarren jardunaldiarekin. Bi jardunaldiren faltan, lider dago Hernaniko batel bat, neska promesetan; eta hirugarren postuan daude mutil promesen eta neska jubenilen batelak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!