'Reaching Out' obra Chillida Lekun egongo da ikusgai, maiatzaren 30era arte

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 18a, 00:00

Luis Chillida, Thomas J Price artista eta Mireia MassaguƩ.

Asteazken goizean aurkeztu zuten Thomas J Price-ren eskultura, eta ikusgai egongo da museoko zelaian datozen hiru hilabeteetan.

Aurkezpen berezia izan zen asteazken goizean, Chillida Lekun. Hain zuzen, Thomas J Price-ren (Londres) Reaching out eskultura aurkeztu zuten. Museoak harturiko bigarren obra gonbidatua da, eta maiatzaren 30era arte egongo da ikusgai bertako zelaian. 

Pieza horrekin, Euskal Herrian ez ezik, Espainian ere lehenbizikoz izango da ikusgai britainiar artista garaikide ezagun honen obra. Horren haritik, asteazkeneko aurkezpenean Mireia Massagué museoko zuzendariak aipatu zuenez, joan den urtean piztu zen Priceren lana Chillida Lekun ikusgai jartzearen nahia: «joan den udan, Hauser&Wirth Somerset galerian, Eduardo Chillidari eskainitako erakusketa batean, Thomas J. Priceren esposizioa ere izan zen, eta momentu horretan, sentitu genuen bi eskultoreen artean elkarrizketa sortzen zela. Izan ere, teknika desberdinak erabiltzen dituzte, emaitza oso desberdinekin, baina lotura garbia ikusten dugu bien artean, tolerantzia, aniztasuna eta halako balioak dituztelako». 

 
Hiru metroko eskultura

Reaching Out (2020) lanak hiru metroko garaiera du, eta neska beltz bat irudikatzen du. Esku artean duen telefono mugikorrari begira dago, eta, azaldu zutenez, eskulturak ikuslea gonbidatzen du  gogoeta egitera: «pertsona beltzen ordezkaritzaren gainean eta pertsona horiek eremu publikoan nahiz artearen historian duten tokiaren gainean». 

Nabaritasunari eta ordezkaritzari  buruzko gogoeta horrekin batera, artistak nabarmendu ditu gaur egun teknologiak erabiltzearen ondorioz bizi ditugun hiperkonektibitatea eta isolamendu paradoxikoa. «Pertsonaia telefono mugikor bati begira agertzeak esanahi bikoitza du», azaldu zuen  Estela Solana museoko erakusketen arduradunak. «Eskala diferentziak eta ikuslearekiko harreman bisual ezak lagundu egiten dio pertzeptzio horri, alegia, pertsonaia hori ez dela ari ikuslearekin konektatzen, baizik eta beste plano batean dagoela. Ondorioz, gehiago gonbidatzen du hausnarketara, elkarrekintzara baino. Bestalde, mugikorrak obran duen protagonismoak mahai gainean jartzen du eskulturak jorratzen duen beste gai garrantzitsu bat: gailu elektronikoen eginkizun zentrala gure sozializazioan, egunerokotasunean, kulturan eta hiri-paisaian».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!