Sinadura bilketa, atzerritarren ez-ohiko erregularizazioa eskatzeko

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 17a, 00:00

Etzi, Plaza Berrin izango da, 11:30etatik 14:00etara. Donostian ere aukera dago, Anoetako tren geltokian, 14:00ak arte.

Estatu mailako Herri-Ekimen Legegilea sortu berri dute «estatu espainiarreko lurraldean bizi diren 500 mila pertsona atzerritar erregularizatzeko». Zehazki, ekimenak lortu nahi du atzerritarren ez-ohiko erregularizazioa, «lan eta egoitza baimena lor dezaten». Horretarako, sinadura bilketa jarri dute martxan, eta etzi, larunbatean, egongo da jomuga babesteko aukera.

Plaza Berrin jarri dute horretarako hitzordua, goizeko 11:30etatik arratsaldeko 14:00etara. Euria eginez gero, Atsegindegin izango da sinadura bilketa. Donostian ere izango da horretarako aukera, Anoetako eusko-tren geltokian, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 14:00etara bitartean.

Argitzera eman dutenez, «azken balioztapenen arabera, Espainiako estatuan 390.000 eta 470.000 pertsona artean bizi dira modu irregularrean, horien herena adin txikikoa izanik».

Egun, aipatu dute, «indarrean dagoen LO 4/2000 legearen egoitza baimenerako sarbide sistema murritza eta eskasa da, eta ez dio gaur egun espainiar estatuan bizi diren eta lan egiten duten pertsona atzerritarren errealitateari erantzuten». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!