Barrenetxea IV.ak finalerdiko materiala errepikatuko du finalean

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 17a, 00:00

Barrenetxea eta Ansa, material aukeraketan.

Asteartean aukeratu zituen, Ansarekin batera, Masters finalerako pelotak.

Endika Barrenetxeak eta Imanol Ansak banakako Iparlur Masterseko finaleko sei pelotak aukeratu zituzten, asteartean, Galarretan. Barrenetxea izan zen kantxaratu zen lehena eta 129 gramoko bi pelota eta 128ko bat bereizi zituen. Ansak, berriz, 129 gramoko bi eta 127 gramoko bat aukeratu zituen.

Aukeraketa berezia izan zen, Ansak bost eta seigarren koadrotik probatu baitzituen bere pelotak. Horrek harritu egin zuen Barrenetxea, eta aitortu zuen ez zuela inoiz ikusi materiala koadro horietatik bakarrik probatzen: «ez dakit nolako pelotak aukeratu dituen. Koadro horietatik ezinezkoa da jakitea». Hori bai, garbi zeukan bere materiala nolakoa zen: «finalerdiko material bera da. Oso ondo joan zait orain arte, eta gustura geratu naiz».

Ansa II.ak ez zuen material jakin bat bilatu, baizik eta gustura egoteko moduko pelota bat nahi zuen: «eskuan eta saskian ondo sartzen zaidan pelota». 
 
Gonbidapenak, Kronikan eskuragai

Galarretan erremonteaz gozatu nahi duenak aukera du Kronikan gonbidapenak eskuratzeko. Pertsona bakoitzeko bi gonbiapen eskura daitezke. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!