Merkataritza eta ostalaritza euskalduntzeko kanpaina martxan jarri du Euskara Ari Duk

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 17a, 00:00

Udalarekin eta Berriak elkartearekin, Doberak Hernaniko merkataritza eta ostalaritzaren egoera aztertu eta proiektuari hasiera eman dio.

Udalarekin eta Berriak Merkataritza eta Ostalaritza elkartearekin elkarlanean, Hernaniko merkataritzaren eta ostalaritzaren egoera aztertu eta euskalduntzeko proiektuari hasiera eman dio Euskara Ari Duk. 

Proiektuaren helburua herriko komertzioak euskalduntzea izango da, «guztion hizkuntza eskubideak bermatuta egon daitezen». 2022 guztian zehar garatuko da ekimena eta bi zati izango ditu: lehen seihilekoan paisaia linguistikoan (errotulu, kartel, menu…) zentratuko da; bigarren urte erdia, hizkuntza erabileran eta lehen hitzan.

 

'Idazlagun' kontzeptua sortu da

Euskaldundu gabe dauden edo hobetzeko beharra duten espazioak identifikatu eta informazio hau askatasunez helarazteko, idazlagun kontzeptua sortu du Euskara Ari Duk. «Idazlagunak herritarrak izango dira eta beraien egitekoa izango da ikusi duten behar hori gure telefono zein emailera bidaltzea. Whatsappa (689 675 462) eta korreoa (euskaraaridu@euskaraaridu.eus) izango dira idazlagunak gurekin kontaktuan jartzeko bideak», baina, horrez gain, Doberako webgunean formulario bat betetzeko aukera ere egongo da. Erabiltzen den bidea edozein dela ere, lekua, egoera eta, nahi izatekotan, argazkia bidaltzeko aukera ere izango da beharra ahalik eta ondoen identifikatzeko.

«Herritarren mezua jasotzen dugunean, gunera gerturatu eta jasotako informazioaz baliatuta, komertzioei laguntzeko baliabide zein aholkularitza eskaintzea izango da gure egitekoa; Udalak eskaintzen dituen zerbitzuak azaldu, gure laguntza eskaini edota sortu dugun materialaren berri emanda», azaldu dute. 

Beraz, egunerokoan identifikatu dituzten aldaketa beharrak, mezu edo argazki bidez bidaltzen hastera animatu dituzte herritarrak. Laguntza hori eskertzeko, hainbat sari zozketatuko direla jakinarazi dute Euskara Ari Du-ko kideek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!