Hernani Burujabek azoka antolatu du, larunbat honetarako, bederatzi posturekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 17a, 00:00

Enherkom energiaz arduratzen da Hernani Burujabe proiektuan.

11:30etatik 14:00etara izango da, Atsegindegin. Postuetan, landuko dute energia, elikadura, zaintza, moneta, merkataritza, etxebizitza, bioaniztasuna, kultura eta telekomunikazioa.

Eman pausoa eraldaketara lelopean, azoka burujabea antolatu du Hernani Burujabek. Etzi, larunbatean, jarri dute horretarako hitzordua, goizeko 11:30etatik eguerdiko 14:00etara. Larunbatean euria espero denez, Atsegindegin jarriko dituzte azokako postuak. Hala ere, euririk egingo ez balu, Plaza Berrin egingo lukete. 

Bederatzi postu jarriko dira, informatzeko helburuarekin. Proiektuen berri emango da eta bederatzi postu horiek energiaren, elikaduraren, zaintzaren, monetaren, merkataritzaren, etxebizitzaren, bioaniztasunaren, telekomunikazioaren eta kulturaren gainekoak dira. 

Gainera, esku-orriak banatuko dira herritarrak Hernani Burujabe proiektura gerturatzeko, ezagutzeko eta, azken batean, parte hartzeko interesa zabaldu nahi delako. Orain arte jardunaldietan proiektuak zehaztu dira eta, orain, azokaren bidez, herritartzeko unea iritsi da. 

 
«Eman pausoa eraldaketara!»

Hernani Burujabek helarazi du orain arte jarraitutako eredu sozioekonomikoak «agorpenera» daramala gizartea: «jarraitu dugun bidearen mugara iritsi garenaren zantzu guztiak ditugu. Sistema eta bizi-eredu kapitalistak sortu dizkigun egiturazko arazo eta kontraesan guztien aurrean gaude: larrialdi klimatikoa, ondasun naturalen agorpen orokortua, desberdintasun sozialak, ekonomikoak eta territorialak, zaintzen krisia, etengabeko krisi ekonomikoa...». 

Horrez gain, bizitako pandemia ere gogora ekarri dute: «egiturazko kontraesan horiei guztiei, gainera, Covid-19ak sortutako osasun krisia gehitu zaie, munduan eman den ekoizpen eta kontsumoaren geldialdi orokorraren ondorioz, krisi ekonomiko latz eta global batean bihurtu dena. Bidegurutze batean gaude. Zirt edo zart egiteko garaia iritsi zaigu». Ozen adierazi dute bestelako norabide bat hartzeko unea dela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!