Iñauteriak ospatuko dira datorren astean

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 15a, 00:00

Otsailaren 25etik martxoaren 1era arte edukiera kontrolatu daitezkeen ekitaldiak antolatu dira.

2021eko geldialdia eta gero, 2022an antolatuko dira inauteri festak Hernanin. Hala ere, egitarau zabala izan arren, oraindik ez dira antolatuko pandemia aurreko ekintza batzuk. Dantza, musika, pelota eta edukiera kontrolatu daitezkeen ekitaldiak iragarri dira.

Igande honetan, preludio moduan, Hernaniko Musika Bandaren iñauterietako kontzertua antolatu da udaletxeko arkupeetan, 13:00etan hasita.

 

Larunbatean, ekitaldi gehien

Otsailaren 25ean, ostiralean, 17:30etan hasiko dira iñauteri asteko ekintzak. DJ Porru 3.0ren musika eta dantza ikuszizuna izango da haurrentzat, Atsegindegin, 17:30etan; eta, ondoren, 19:30etan, esku pelota eta pala partiduak iragarri dira kiroldegiko frontoian.  

Larunbatean, otsailaren 26an, izango dira ekintza gehienak. Txistulari bandaren kale bueltarekin hasiko da eguna, 10:00etan. Eguerdian, erromeria antolatu du San Joan Konpartsak Atsegindegin. Arratsaldean, 18:00etan, Kalea Bizirik haurrentzako ikuskizuna Potx eta Lotx pailazoekin eskainiko da Biterin. 18:30etan, gaztetxoentzat, Atsegindegin, dantza festa izango da Oihana Razquin DJarekin eta, eguna amaitzeko, 19:00etan, Musika Bandaren kontzertu tematikoa eskainiko da udaletxeko arkupeetan. 

 

Asteartean, sardinaren ehorzketa

Iñauteriek igandean eta astelehenean jarraituko dute. Ttarla Dantza taldeen konpartsen irteera itzuliko da, 12:00etan, Urbieta kaletik irtenda. Arratsaldean, 19:00etan, Musika Eskola Publikoko trikitilariek kaleak alaituko dituzte eta 19:30etan, Trash!!! Yllana konpainiaren ikuskizuna eskainiko da Tilosetan (euria eginez gero, Atsegindegin).

Astelehenean, 11:30etan, Kulki itsasoko herri kirolak haurrentzat eskainiko dira eta, 17:00etan, puzgarriak jarriko dira. Iñauteriekin amaitzeko, asteartean, sardinaren ehorzketa izango da, 18:30etan, Gudarien plazatik abiatuta, Dultzaina taldearekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!