Asteburu borobila Zumaian eta Orion, Hernaniko arraunlarientzat

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 15a, 00:00

Beñat Odriozola, Euskadiko Distantzia Luzeko Txapelketan, Orion.

Neska promesen eta absolutuen batelak nagusitu ziren Gipuzkoako Ligan, eta Euskadiko Txapelketan aritu zen Beñat Odriozola, skiffean.

Bateletan zein aulki mugikorrean aritu dira Hernaniko arraunlariak, asteburu honetan; eta emaitza ederrak lortu dituzte. Aulki mugikorrean, zita garrantzitsua zeukan Beñat Odriozolak, igandean Orion: Euskadiko Distantzia Luzeko Txapelketan aritu zen, arraun egokituko skiffarekin; eta 21:34 denboran osatu zuen proba. Orain, Espainiako Txapelketa lehiatuko du hernaniarrak, datorren asteburuan bertan, Galizian. 

Batelek, berriz, Zumaian zeukaten hitzordua, larunbatean, Gipuzkoako Ligaren bosgarren jardunaldiarekin. Eta bi garaipenekin bueltatu zen Hernani: neska promesetan eta absolutuetan nagusitu zen.

Garaipen haundia lortu zuen neska promesen A batelak, denboraldiko aurrenekoa. 7:16 denborarekin, lau segunduko aldea izan zuten helmugan, Oriorekin. Hernani B eta C batelak, berriz, 7garren (7:38) eta 12garren (7:57) izan ziren, hurrenez hurren.

Neska absolutuak, bere aldetik, bigarrenez nagusitu ziren (9:58), Hibaikarekin hiru segunduko aldea lortuta.

Maila ederrean aritu ziren hernaniarrak, gainerako lau kategorietan ere. Mutil promesen batela hirugarren izan zen, 7:04 denborarekin, San Juan irabazlea 18 segundu aurretik zuela. Eta beste horrenbeste egin zuten neska jubenilek, hirugarren, 9:36 denborarekin; 10 segundu gutxiago behar izan zituen San Juanek, irabazteko. Eta infantiletan, azkenik, bosgarren sailkatu zen mutilen batela (5:15), eta zortzigarren neskena (5:30). 
 
Oriaren Jaitsieran, Maialen
Asteburu honetan ez da jardunaldirik, Gipuzkoako Batel Ligan. Baina uretara aterako dira hernaniarrak, estropada bereziarekin: Oriaren Jaitsieran ariko da Maialen trainerua, larunbatean, arratsaldeko 16:30etan hasita Orion. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!