Sinadura-bilketa larunbatean, atzerritarren ez-ohiko erregularizazioa eskatzeko

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 14a, 00:00

Amherrek antolatutako Atzerritartasun Legeari buruzko hitzaldia, Biterin.

Hernanin, Plaza Berrin izango da, 11:30etatik 14:00etara. Donostian ere izango da horretarako aukera, Anoetako eusko-treneko geltokian, 10:00etatik 14:00etara.

Estatu mailako Herri-Ekimen Legegilea sortu berri dute «estatu espainiarreko lurraldean bizi diren 500 mila pertsona atzerritar erregularizatzeko». Zehazki, ekimenak lortu nahi du atzerritarren ez-ohiko erregularizazioa, «lan eta egoitza baimena lor dezaten». Horretarako, sinadura-bilketa jarri dute martxan, eta larunbatean egongo da jomuga babesteko aukera. Plaza Berrin jarri dute horretarako hitzordua, goizeko 11:30etatik 14:00etara. Euria eginez gero, Atsegindegin izango da. Donostian ere izango da horretarako aukera, Anoetako eusko-tren geltokian, 10:00etatik 14:00etara. 

 Argitzera eman dutenez, «azken balioztapenen arabera, Espainiako estatuan 390.000 eta 470.000 pertsona artean bizi dira modu irregularrean, horien herena adin txikikoa izanik. Egun, indarrean dagoen LO 4/2000 legearen egoitza baimenerako sarbide sistema murritza eta eskasa da, eta ez dio gaur egun espainiar estatuan bizi diren eta lan egiten duten pertsona atzerritarren errealitateari erantzuten».

 

«Zaurgarritasun eta babesgabetasun espirala da»

Ondorioz, diote, egoera irregularrean bizi diren pertsonei «eskubide sorta mugagabea ukatzen zaie». Gainera, pandemian, egoera «nabarmenagoa eta lazgarriagoa» izan dela aitortu dute. «Dinamika honek zaurgarritasun eta babesgabetasun espirala sortzen du egoera irregularrean bizi diren pertsonentzat, gizarte bazterkeria haunditzen duena eta gizarte osoan eragina duena. Azken batean, modu irregularrean bizitzeak, guk emantzat ditugun eskubideak ez izatea dakar, eta eskubideak denonak ez direnean, pribilegio bihurtzen dira», nabarmendu dute. 

Aipatutako guztiagatik, helarazi dute beharrezkoa dela egoera aldatzea. «Ezinbestekotzat jotzen dugu estatus migratorio irregularraren eraginez pertsona hauek pairatzen duten ikusezintasun eta eskubide gabeko egoera iraultzea bermatzen duten mekanismoak bilatzea». Agertoki horretan jarri da abian, hain zuzen ere, herri-ekimen legegile hau. Xedea da «estatu osoan zehar 500 mila sinadura baino gehiago jasotzea, ondoren aurkeztuko den testua kongresuan eztabaidatu dadin». 

Herri-ekimen legegilean sinatu dezakete 18 urtez gorakoek, eta Espainiako NANa dutenek. Halaber, jakinarazi dute larunbateko sinadura-bilketara bertaratu ezin dutenek, abuztura arte dute sinatzeko aukera. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!