'Gazte parte', eskulanak, iñauteriak eta beste asko, hilabete honetan

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 13a, 00:00

Sukaldaritza tailerra egin zuten atzo arratsaldean, Gaztelekuan.

Gaur, 17:30etatik aurrera, Gaztelekuan egin daitezkeen berrikuntzei buruz arituko dira. 

Ekintza mordoa antolatu dute Gaztelekuko kideek hilabete honetarako. Atzo, sukaldaritza tailerra izan zen, eta kroketak egin zituzten bertaratu ziren gazteek eta hezitzaileek. Gaurko, berriz, Gazte parte saioa prestatu dute. Gaztelekuan izango da, 17:30etatik aurrea. «Urtarrileko saioan gazteekin adostutakoa aurrera eramango dugu», ohartarazi dute hezitzaileek. Hori horrela, asmoa da hilabetean behin saio hau egitea. «Helburua da gazteen parte-hartzea sustatzea; hau da, gazteak Gaztelekuko espazioaren protagonistak izanda, abian jartzea bertan egin ditzaketen aldaketa edo berrikuntza prozesuak». 

 

Eskulanak, 'ligoteo sanoa', 'sexu lapikoa' eta iñauteriak

Datozen asteetarako ere bestelako ekintzak prestatu dituzte Gaztelekuan. Otsailaren 16an, datorren asteazkenean, eskulanak egingo dituzte 17:30etatik aurrera. Oraingo honetan, lientzoak egiteko tartea eskainiko diete gazteei. 

Egitarauarekin jarraituz, otsailaren 19an, larunbatarekin, Ligoteo sanoa saioa izango dute, 17:30etan hasita. «Ligatzearen gainean arituko gara: Zer da ligatzea? Zertarako egiten dugu? Zer bilatzen dugu? Kosta egiten zaigu?». Horren guztiaren bueltan hausnartuko dute hezitzaileek zein gazteek. 

Hilaren 20an, Sexu lapikoa izeneko ekintza egingo dute, 17:30etatik aurrera. «Gaztelekuan buzoi bat jarriko dugu eta gazteek aukera izango dute sexualitatearen bueltan dituzten galderen, gaien edo zalantzen gainean galdetzeko», aipatu dute. Aurrerago, buzoia ireki eta erantzunak jasoko dituzte.

Hilabetea ezin hobe amaitzeko, otsailaren 22an eta 23an, iñauteriei begira, maskarak egiteko aukera izango dute. Azkenik, hilaren 25ean, iñauteri festa izango dute, arratsaldeko 17:30etan hasita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!