Azoka burujabea antolatu da otsailaren 19rako, Plaza Berrin

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 12a, 00:00

11:30etatik eguerdiko 14:00etara bitartean egongo da azoka Plaza Berrin, eta euria eginez gero, Atsegindegira lekualdatuko da.  

Eman pausoa eraldaketara lelopean, azoka burujabea antolatu du Hernani Burujabek. Otsailaren 19rako jarri dute hitzordua horretarako, goizeko 11:30etatik eguerdiko 14:00etara. Printzipioz Plaza Berrin egingo da, eta euria eginez gero, berriz, Atsegindegin. 

 
«Eman pausoa eraldaketara!»

Hernani Burujabek helarazi du, orain arte jarraitutako eredu sozioekonomikoak «agorpenera» daramala gizartea: «jarraitu dugun bidearen mugara iritsi garenaren zantzu guztiak ditugu. Sistema eta bizi eredu kapitalistak sortu dizkigun egiturazko arazo eta kontraesan guztien aurrean aurkitzen gara: larrialdi klimatikoa, ondasun naturalen agorpen orokortua, desberdintasun sozial, ekonomiko eta territorialak, zaintzen krisia, etengabeko krisi ekonomikoa...». 

Horrez gain, bizitako pandemia ere gogora ekarri dute: «egiturazko kontraesan hauei guztiei gainera covid19ak sortutako, osasun krisia gehitu zaie, mundu mailan eman den ekoizpen eta kontsumoaren geldialdi orokorraren ondorioz krisi ekonomiko latz eta global batean bihurtu dena. Bidegurutze batean aurkitzen gara. Zirt edo zart egiteko garaia iritsi zaigu». Eta ozen adierazi dute bestelako norabide bat hartzeko unea dela. 

Hernani Burujabek aurkeztutako proposamena, elkarrekin egiteko bide berri baten hasiera dela ziurtatu du: «hainbat ibilbide eta heltze puntu ezberdinak izan dituen hainbat ekimen politiko eta ekonomikok osatutako bidea. Norabide berdinean, ekimen guzti hauek lurralde mailako planifikazio estrategiko baten baitan artikulatzea da ortzimugan duguna». Proiketu honen xedea argia da: «komunitatearen eta herritaren bizi baldintzak hobetzea. Beti ere, eredu alternatiboak bilatuz eta prozesu demokratikoetan sakonduz. Esan gabe dijoa, komunitatearen kide izatearen baloreak bultzatzea eta garatzea oso garrantzitsua dela ezarritako indibidualismoari aurre egiteko».

Horretarako, sareak ehuntzen joatea «ezinbestekotzat» jo dute: «Hernani Burujabe aurrera eramateko ezinbestekoa da sektore ekonomikoek eta gizarte eragileok sareak ehuntzen joatea. Beraz, aprobetxa ditzagun elkarlanak ematen dizkigun sinergiak. Ez dago aldeko haizerik nora jo ez dakienarentzat», adierazi dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!