Hernanik Ourense arriskutsuaren aurka hasiko du bigarren fasea, gaur arratsaldean, Galizian

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 12a, 00:00

Mikel Perez Ourenseko jokalariez inguratuta.

Astelehenean zozketatu zen eta zortzi partidu jokatuko ditu talde trikoloreak. Denboraldia apirilaren 24an amaituko dute hernaniarrek Bera Beraren kontra Donostian.

Hernaniko errugbi talde nagusia bueltan da eta asteburu honetan bigarren faseko lehenengo partidua jokatuko du. Ourensen jokatuko da norgehiagoka, Monterrei zelaian, gaur  16:00etan. Lehenengo fasea laugarren amaitu eta gero, Hernanik lider hasiko du fase hau 40 punturekin.  

Hasiera batean, Ourenseko partidua fase honetako zailena izango da. Galiziarrak bigarrenak dira eta Landaren azaroaren 7an gauzak zail jarri zizkion Hernaniri. Orduan, 29-14 nagusitu zen etxeko taldea eta oraingo partidua irabaziz gero Hernanik aurrena amaitzeko aukera asko ditu. Hala ere, aurrena geratzeak ez du inongo saririk eta Polidori entrenatzaileak esan bezala, fase hau gazteei minutuak emateko erabiliko du eta pixkana lehenengo taldean sartzeko aukera izango da.

Bigarren fasean zortzi partidu jokatuko ditu talde trikoloreak. Azkena apirilaren 24an izango da, Donostian Bera Beraren kontra, eta beraz jokalariek badakite zer egunetan amaituko duten denboraldia. Tartean Zarautz, Gaztedi, Uribealdea, Universitario Bilbao, Eibar eta Palencia. 

 

Hernani-Ordizia Zarautzen, 23 urtez azpikoak

Beste taldeei dagokienez 23 urtez azpikoetan Hernanik Ordiziaren aurka jokatuko du gaur, 16:00etan, Zarautzen (Astin). Hernani denboraldi ona ari da osatzen hiru garaipen eta lau porrotekin, baina ordiziarrak liderrak dira zortzitik zortzi garaipenekin. 

Euskal Ligako neskek Universitario Bilbaoren aurka jokatuko dute gaur, 16:00etan, Rekaldeko zelaian. Berdintasun haundia dago nesken ligan eta partidu ia denak dira berdinduak eta zailak, gehiago etxetik kanpo.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!