Master Txapelketako semifinala jokatuko du Endika Barrenetxeak gaur, Juanenearen kontra

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 12a, 00:00

Barrenetxea eta Juanenea, material aukeraketan. Argazkia: Maialen Andres

Eugenio Aranburu epailea, pasa den igandean hil zena, oroituko dute 15:15etan hasiko den jaialdian. Beste finalerdian, Urrizak ezingo du jokatu, eta Ansa sailkatu da finalera.

Gaur ziren jokatzekoak Master Txapelketaren bi semifinalak, Galarretan; baina bakarra jokatuko da: Endika Barrenetxea hernaniarraren eta Aritz Juanenearen artekoa. Izan ere, min hartuta jarraitzen du Javier Urrizak, eta ezingo du jokatu beste semifinala, Imanol Ansaren kontra. Joan den asteburuan jokatu behar zuten, eta atzerapena eskatu zuen Urrizak, zaintiratua izan zuelako eskuineko hankan. Baina astebeteko epean ez da sendatu, eta beraz, finalera sailkatu da Ansa zuzenean. Arratsaldeko 15:15etan hasiko da gaurko jaialdia, eta ETB1ek zuzenean eskainiko du. Bigarren partidua izango da Barrenetxearen eta Juanenearen arteko semifinala.

Bi protagonistek ostegunean aukeratu zuten semifinalerako materiala. Pelota biziak aukeratu zituen hernaniarrak, saketik dominatzen saiatzeko; eta motelagoak Juaneneak, Barrenetxearen jokoa galarazteko. Joan den urtean ere aritu ziren elkarren kontra biak, Master Txapelketan, eta hernaniarra nagusitu zen. Baina duela bi urte, Buruz Buruko Txapelketan, ezustekoa eman zuen Juaneneak. Horregatik, tentuz egingo dio aurre Barrenetxeak partiduari, eta aitortu du presioa nabaritzen duela: «faborito ez zarenean, gustatzen zaizun torneo bat da Masterra, bi partidu on jokatuta txapela jantzi dezakezulako. Baina orain ulertzen dut Urriza, esaten zuenean Masterra deserosoa egiten zitzaiola».

 

Eugenio Aranburu, gogoan

Gaurko jaialdian bertan, Euge­nio Aranburu izango dute gogo­an, Galarretako epailea zena. Joan den igandean hil zen Aranburu, eta omenaldia egingo dio­te. Lazo beltza jantziko dute erremontistek, partiduetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!