«Torturaren egia argitara» Hernaniko Sortuk

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 11a, 00:00

Egoera salatzeko, datozen egunetan ekimen ezberdinak burutuko dituzte. 

Otsailaren 13a ekarri nahi izan du gogora Hernaniko Sortuk,«Euskal Herriaren egutegian zein irudimenean beltzez irudikatzen dugun efemeridea» dela arrazoituz. Sortuko kideek aditzera eman dute dagoeneko 41 urte igaro direla «Joxe Arregi Izagirre zizurkildarra tortura basatia jasan ondoren Espainiako Polizia Nazionalak erail zuenetik».

Diote Joxeren heriotza Franco diktadorea hil eta urte gutxietara gertatu zela, «zoritxarrez ondorengo hamarkadetan ez da torturaren eraginez eraildako azken euskalduna izan gatazka politikoaren testuinguruaren baitan eta ustezko demokrazia garaian. Ez da bakarra izan estatu espainiarrak sistematikoki erabili duen jokabidea izan delako, Euskal Herriak bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko duen eskubidea ukatzea izan delako bere helburu behin behinekoa». 

Halaber, azpimarratu dute, azken aldian entzun behar izan dituzten adierazpen ezberdinek erakutsi dutela «tortura zuritu eta bere arduradun politiko zein tortura praktikara eraman duten polizia ezberdinei inpunitate guztia eskaintzen» zaiela. Horrexegatik, zauriak jarri dituzte mahai gainean: «Guardia Zibilaren, Espainiako Poliziaren zein Ertzaintzaren kuarteletan eragin zizkiguten astakeriek eragindako minak oraindik ez dira sendatu». Hala ere, Sortuk argi dauka bide luzea dagoela aurretik: «jasandako tortura adierazpen guzti guztiak sendabidean jartzeko oraindik gelditzen zaigu. Batzuek, gainera, inpunitatearen jabe izanik ez dutelako eragindako torturaren gorazarrea egiteko inolako arazorik ikusten, eta besteek, tortura sistematikoki erabili eta zigorgabetasuna bermatzeko beraien konplizitatea ezinbestekoa izan zirenek isildu egiten dutelako. Iraindu egin gintuzten eta umilatu, mespretxatu eta gutxietsi, uki eta ito, jo eta bortxatu, tartean hainbati heriotza eragiteraino».

Ildo beretik,  hainbat galdera helarazi ditu Sortuk: «Zer nolako eskubidea eta sinesgarritasuna dute elkarbizitzaren izenean, torturaren errealitate ilun eta lazgarria isilpean mantendu nahi dutenek? Zer nolako autoritatea, isilpean mantentzea gutxi eta torturak eragin izan dituzten polizia indar ezberdinak saritzen dituztenean?». Eta jarraian, Hernaniko Sortuko kideek jakinarazi dute torturaren errealitateak ardurak onartu eta argitzea eskatzen duela: «bera posible egin eta denboran iraunaraztea arduradun politiko, instituzional, polizial, mediku, judizial eta mediatikoen inplikazio zuzena izan duen neurrian». Sortuk, beraz, dio ezin duela ahaztu «torturaren delitua, modu sistematiko zein hedatuan geratzen denean ez duela preskribitzen. Eta modu horretan, fikziozko kontakizun bat inposatu nahi digute, zintzoen eta gaiztoen artekoa, herri oso bati hitza eta erabakia ukatzen jarraitzeko, herri oso batean sufrikarioa eta mina betikotzeko». 

Sortuk, «torturaren egia» argitara atera nahi du, izan ere, «milaka torturatuek merezi duten aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeekin batera, herri honek bake eta askatasun agertoki berri batetara aurrera eramateko». 

Azkenik, Aranzadik argitaratutako txostenean ikertutako eta idatzitako «errealitate gogorra» jarri dute erdigunean, honako datuak emanez: «Guztira 215 tortura kasu egon dira, 184 hernaniarrek salatu eta sufritutakoak. Guardia zibilak: 89 kasu; Polizia Nazionalak: 70 kasu; Ertzaintzak: 36 kasu eta besteak*: 20 kasu».

Hau guztia salatzeko, datozen egunetan eta asteetan salaketa ekimen ezberdinak burutuko dituztela azaldu du Sortuk.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!