«Eskuhartzearen helburua da herritarrek Urbietako espazio publikoa berreskuratzea»

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 11a, 00:00

Edurne Izagirre ezkerrean eta Gorka Segurola eskuinean.

Lanen iraupena martxora arte izango da, eta egingo diren eskuhartzeak «arinak» izango direnez, etorkizunean egokitzapenak egiteko errazagoa izango da.

Urbieta kalean, oinezko bihurtzeko lanak abian daude, Izpizua kaletik Elkanora doan zatian, hain zuzen ere. Obra hauen ondorioz, erdiguneko kale hori elkartzeko gune bezala indartuko da. Lanak martxoa inguruan amaituko direla aipatu dute lanean aritu diren arkitektoek eta Udalak. Honen guztiaren berri eman zuten pasa den asteazkenean, Gorka Segurolak eta Edurne Izagirrek, Juntura Kooperatibako kideek. Gorka Segurola da proiektuaren diseinu arduraduna, eta Urbieta kaleko eskuhartzearen helburu eta xehetasun guztiak mahaigaineratu zituen. 

Aurkezpena hasi bezain laister utzi zuen argi Segurolak zein zen proiektu honen helburua: «herritarrek espazio publikoa berreskuratzea da helburua, eta horregatik, ibilgailuen igaroa ahalik eta gehien murrizteko neurriak hartuko dira». 

2019an, Urbieta kalearen berrantolaketaren proiektua garatzeko partehartze prozesu bat ere egin zen, eskuhartze honen eragina jasoko zuten eragile nagusiekin, eta Segurolak honakoak aipatu zituen: bertako bizilagunak eta merkatariak, taxi gidariak, baita herriko jaietan espazio hau programatzen duten kultur taldeak ere. Eragileekin burutu zituzten saio hauetan desio eta behar ezberdinen arteko elkarbizitza garatzeko irizpideak ere zehaztu zirela ziurtatu zuen Segurolak: «eta nabarmentzekoa iruditzen zaigu aipatzea, interbentzio hau 'arina' dela, obra honetan ez da egiturazko aldaketa haundirik egongo, eta hortaz, hala erabakitzen bada etorkizunean egokitzapenak egiteko erraza da». 

Urbieta kalea, herriko erdigunean kokatuta dago, eta «ardatz garrantzitsua» dela ohartarazi du Edurne Izagirrek. «herriko egituraren antolamenduari dagokionez, herriko bizitzaren erdigune den hirigune historikoa eta garraio publikoko gune intermodala eta ekipamendu gunea den Atsegindegi lotzen dituelako». Eta egia da, Atsegindegin daudela, hain zuzen ere, bi autobus zerbitzuren geltoki nagusiak, taxi geralekuak, plaza estalia, kiroldegia eta anbulategia. Ondorioz, Urbieta kaleak, izaera «egituratzailea» hartzen duela gehitu du Segurolak, eta horregatik sortu nahi dute herritarren aisialdirako, harremanetarako eta elkarbizitzeko eremu bat. 

 

Urbieta, lau eremutan bereizita

Juntura Kooperatibak eremuaren diseinua egiterako garaian, eguzki eta itzalen ordutegiak, aire korronteak, ibilbide naturalak eta kalean antolatuko diren kultur ekintzak hartu dituzte kontutan, eta lau eremutan bereizi dute Urbieta. A eremua izango da, Biteri eta Elkano kaleen arteko zatia, «egonaldira eta elkartzera bideratutako eremua izango da» dio Segurolak. Horretarako altzariak eta mahaiak elkarri begira egoteko moduan sortuko dira, besteak beste. B eremua Izpizua eta Biteri artekoa izango da, eta espazio «zabal librea» izango da: «altzariak zuhaitz tarteetan kokatuko dira, espazio zabalago bat sortzeko. Izan ere, bertan antolatzen dira azokak, kultur ekitaldiak... Urbieta kalea Kaxkoarekin lotzen den eremuari deitu diote D eremua. Oinezko eremuko espazio publiko berria egituratuko da, eta lurreko margoketa eta kale-altzariak jarriko dira Kaxkora bidean. Azkenik, laugarren eremua izango da E eremua, Urbieta kalea Atsegindegirekin lotzen dena izanik. Oinezkoek lehentasuna izango duten espazioa izatea bilatuko da bertan, eta horretarako, hainbat adibide aurkeztu zituen Segurolak «zebrabidea haunditzea, errepidearen maila espaloiaren mailara jaistea...»

Urbieta eremua oinezko bilakatzearen baitan, ibilgailuen igaroa ahal den gehien mugatuko da, eta Segurolak aipatu du ibilgailuak pasa daitezkeen guneetan abiadura murritzena ezarriko dela: «10 kilometro orduko». 

Horrez gain, ibilgailuen sarbideari buruz hainbat datu eman zituzten arkitektoek, hala nola, bizilagunek udaletxean baimena eskatu beharko dutela autoa bertara sartzeko, zamalanetan dabiltzan ibilgailu baimenduak Urbietara sartzeko aukera izango dutela Biteri kaletik, Urbietako sarbiderako pibote bat jarriko dela, eta garbiketa kamioiak eta larrialdi zerbitzukoek, kaleak bere osotasunean ibilgailuz zeharkatzeko modua izango dutela, besteak beste. 

Zamalanentzako eremua markatuta egongo da, eta egunez erabiliko dute. Aldiz gauetan, bizilagunentzako aparkalekuak izango dira. Horrez gain, Biteri kalean, egun bertakoentzako erreserbatutako aparkalekuak gune urdin bihurtuko dira, «eta ordu bateko aparkaleku rotazionalak bihurtuko dira, merkataritza jarduera sustatzeko asmoz» gehitu du Segurola arkitektoak.

 
Taxien eta autobusen geltokiak

Taxien geralekua Elkano kalera igaroko da: «autobus geltokiaren parean, beste espaloiaren aldera, eta 10 taxirentzat lekua egongo da». Halaber, autobusen geralekuaren pareko plataforma kenduko da eta espaloia metro bat zabalduko dela ere azpimarratu dute Juntura Kooperatibako kideek. 

Azkenik, Urbieta kalean egiteko diren kultur jardueretarako eskuhartzeak egingo dira, eta argindar-hartuneak ere jarriko dituzte.k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!