'Airera trapu zikinak' lelopean, entzungai, dagoeneko, 'Gobara' podcast-a

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 10a, 00:00

Saioa Iraola, Itsaso Lekuona eta Ana Iruretagoiena, atzoko aurkezpenean.

Ana Iruretagoienak jarriko du ahotsa, eta hilabetero kaleratuko dute pieza bat. Entzungai egongo dira 'hernani.eus/gobara' webgunean. 

Entzungai dago, dagoeneko, Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministaren Gobara podcast-eko lehenengo pieza. Horixe bera jakinarazi zuten atzo eguerdian, Itsaso Lekuona berdintasun zinegotziak, Saiola Iraola plazako koordinatzaileetako batek, eta Ana Iruretagoiena irratsaioko ahotsa izango denak. 

Hilabetero-hilabetero, emakume erreferente feministak eta antiarrazistak jarriko dituzte erdigunean, eta horien bueltan jardungo dute orduerdiko saio batean. Zehazki, arituko dira Kulturarteko Plaza Feministako gela bakoitzaren izena hartzen duten 13 emakumeren biografien eta izandako borrokaren zein oihartzunaren gainean. Entzungai izango dira guztiak hernani.eus/gobara webgunean. 

Gainera, Lekuonak aurreratu zuen data berezian kaleratuko dela podcast-eko lehenengo lana. «Izan ere, Kulturarteko Plaza Feministak 5 hilabete beteko ditu larunbatean. Ia bost urteko prozesuaren emaitza da, eta oso pozik gaude. Hernanik ez ezik, gure plaza erreferentziako gunea da Euskal Herriko beste hainbat txokotan ere». 

 

13 erreferenteren bueltan, 
orduerdiko saioan

Irratsaioa orduerdi ingurukoa izango da, eta bi ataletan banatuko dela aipatu zuen Iruretagoienak. «Lehenengo zatian, emakume erreferentearen biografia landuko dugu gonbidatu berezi batekin; eta, bigarren zatian, berriz, emakume horren ezagutza plazaratuko dugu, eta haren borrokaren oihartzuna gaur egunera ekarriko dugu, testuinguruan kokatuz». Horrekin batera, pieza bakoitzean, proposamen kultural bat ere aurkeztuko dute: «izan daiteke ikus-entzunezkoa, lan musikala, edo beste edozein arlotakoa».  Hari horri tiraka, atzoko aurkezpenean lehenengo irratsaioan landuko dena aurreratu zuten: «saio honetan, batetik, filosofo frantziarraren ekarpenaz aritu zaigu Irene Arrarats, Bigarren Sexua liburua euskeratu duen itzultzailea: eta, bestetik, Simone de Beauvoirren ekarpenak gaur egungo mugimendu feministan duen oihartzunaz hitz egin digu Maider Barañano soziologoak». 

Noski, Gobara izenak berak ere badu zeresana testuinguru honetan. «Aitortza egin nahi diegu iraganean, lisiba egiten zuten makumeei, eta baita etorkizunean erreferente izango direnei ere», aipatu zuen Iraolak. Hain justu, lehengo amonek buru gainean, errekan edo garbitokian garbitzeko, zeramaten arropa sortari deitzen zaio. «Maialen Lujanbiok, 2009ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako Finalalean hitz hori erabili zuen, eta keinu eta aitortza egin zien lehengo amona, eta gaurko ama eta alabei.  Hortik dator, hain zuzen ere, podcast-eko leloa: airera trapu zikinak!», kontatu zuten. k

 

 

 

 
Uxue Bereziartek (BerexiArt) egindako ilustrazioa. 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!