Maite Larburu Bilboko Kafe Antzokian izango da, martxoan

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 10a, 00:00

Maite Larburu hernanairra, Kronikarako elkarrizketa batean.

BBK Bilbao Music Legends Fest-eko atari gisakoa antolatu dute, eta hernaniarra batu da kartelerara. Martxoaren 10ean du hitzordua. 

BBK Bilbao Music Legends Fest jaialdia izango da ekainaren 24an eta 25ean, Bilbao Arenan. Status Quo, Paul Carrack eta Hawkind britaniarrak izango dira, momentuz, ekimeneko protagonistak. Baina, orain, hilabete batzuk lehenago eta «jaialdia hiritik zabaltzeko eta hiriari eta festari ikusgarritasuna emateko» asmotan, Warming Up edo beroketa gisakoa egingo dute. Hain justu, zenbait artista eta talde igoko dira oholtza gainera jaialdia hasi aurretik. Maite Larburu hernaniarra da horietako bat, eta martxoaren 10ean du hitzordua, Bilboko Kafe Antzokian. 


Gonbidapena lortzeko sarrera erosi behar da
Larburuz gain, beste hainbat artistak ere girotuko dute jaialdiaren ataria. Hain justu, iragarritako aurreneko taldea Chicagoko The Steepwater Band izan zen, eta maiatzaren 26an eskainiko du kontzertua, Bilboko Kafe Antzokian. 
Emanaldi guztietarako, beharrezkoa da aldez aurretik gonbidapena eskuratzea, eta, hori lortzeko, nahitaezkoa izango da ekaineko jaialdirako sarrera erosita izatea. Hori horrela, hernaniarraren eta gainerako taldeen kontzertuez gozatu ahal izateko, sarrera eta izen-abizenak bidali beharko dira mlf@dekkerevents.com helbide elektronikora. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!