Sarrerak salgai, datozen emanaldietarako

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 9a, 00:00

Idoia Asurmendik kontzertua eskainiko du hilaren 24an.

Hilabete honetakoak eskuragai daude Biteriko leihatilan edo, bestela, online, 'kultura.hernani.eus' webgunean. 

Otsaileko kultur agendaren barruan, hainbat kontzertu eta emanaldi izango dira Biterin, datozen asteotan. Horietarako sarrerak salgai daude, dagoeneko, Biteriko leihatilan edo, bestela, betiko moduan, online www.kultura.hernani.eus wegunean. Horrekin batera, zenbait ikuskizunetarako ez da sarrera beharko, baina gonbidapena eskuratu beharko da. Horiek ere kultur etxeko leihatilan jaso daitezke. 

Aste honetan, Geuretik Sortuak egitasmoaren barruan, Metrokoadroka Sormen Laborategiak Bidaide antzezlana aurkeztuko du. Bihar izango da, 19:30etan, Biterin. Sarrerak, kasu honetan, 8 euro balio ditu, eta aipatutako lekuetan eskura daiteke emanaldiaren aurretik. 

 

Denetarik, adin guztientzat

Datozen asteetan ere denetarik izango da herrian, haurrentzat zein helduentzat. Otsailaren 16an, Altsasu (Gau hura) dokumentala proiektatuko dute Biterin, arratsaldeko 19:00etan hasita. Proiekzioa doakoa da, baina gonbidapena eskuratu behar da. 

Hilaren 19an, Leihoak haur antzerkia izango da Biterin, 12:00etan. 2 eta 5 urte bitarteko haurrei zuzendutako ikuskizuna da, eta sarrerak 3,5 euroan daude salgai. 

Azkenik, otsailaren 24an, Idoia Asurmendik kontzertua eskainiko du 19:30etan, eta sarrerak 8 euroan erosi daitezke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!