PSE-EEk «ontzat» jo du merkatariei emandako laguntza

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 9a, 00:00

Zenbait herritar Mahuka dendan.

Berreskuratze Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan, 138.895,20 euro jaso ditu Hernaniko merkataritzak. 

Udal talde sozialistak «oso albiste ontzat» jo du Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak Hernaniri 138.895,20 euro eman izana, hirigune komertzialetako merkatuei laguntzeko, Covid-19aren pandemiak eragindako krisi ekonomiko eta sozialari aurre egiteko Espainiako Gobernua bultzatzen ari den Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan.

Hernaniko PSE-EEko ordezkariak azaldu duenez, «Europatik datozen Next Generation programaren parte diren funts horiek 5 proiekturi emango zaizkie; hala nola, Urbieta kalea oinezkoentzako bihurtzea, bertako saltokietako produktuak eskainiko dituen eta dagoen merkataritza ikusaraziko duen erakusleiho digital bat sortzea eta merkatarientzako prestakuntza».

Horrekin batera, alderdiko bozeramaileak, Ricardo Crespok, honako hauxe azaldu du: «Hernaniko merkataritza ahulduta dago eta kalte haundia jasan du osasun-krisiak, online merkataritzaren ohiturak aldatzeak, goranzko dinamikek, eta merkataritza-gune haundiek ere».

 

Dirulaguntza eskertu dute sozialistek

Udal talde sozialistak Espainiako gobernuak emandako dirulaguntza eskertu du. «Pedro Sánchez presidenteak zuzentzen duen Espainiako gobernuan, tokiko merkataritza txikiari eta ertainari laguntzeko estrategia daukate dago, eta Hernanin beste jarduera ekonomiko batzuk garatzeko sektore bultzatzailea da», azpimarratu du. «Aberastasuna sortzeaz gain, lanpostuak ere sortzen ditu. Horregatik, Hernaniko dendariei emandako laguntza eskertzen dugu». 

Era berean, Hernaniko hurbileko merkataritzak ere udalerria «bizirik» mantentzen duela gehitu du. «Dendarik gabeko kale bat bizitzarik gabeko kalea da, bizilagunen arteko harremana sustatzen dute eta tokiko ekonomia sustatzen dute». Hori horrela, herriko merkataritza-establezimenduetan kontsumitzeko deia egin die herritarrei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!