106. eguna: Manga – Same (86km, +520m)
Azken agur eta besarkadak beti gogoratuko ditugun familiako kideekin eta bidean gara berriro. Badirudi zorte txarra ez dugula atzean utzi ordea. Hasi eta hamar minutura zulatua. Eskerrak pazientzia ondo landua dugun eta ez garen erretxindu. Zulatua ez du konponduko haserre batek.
Alboan izan ditugu mendiek ikuspegi ederrak eskaini dizkigute etapa guztian zehar. Kilimanjaro mendi mitikoa gertu sentitzen dugu dagoeneko. Hala ere, egun bat gehiago itxaron beharko dugu hau ikusteko. Oraingoz izkutatuan jarraitzen d.
107. eguna: Same (Gaixo)
Bolara txarra ez da amaitu. Pellok gaua botaka eta tripetatik gaizki pasa ostean gorputzaldi txarrarekin esnatu da. Sukarra ere igo zaio. Atzo jandako zerbaitek eragindako ondoeza dela uste dugu. Egunak aurrera egin ahala gorputzaldia hobetuz joan da eta ez da seinale txarra. Deskantsua hartzeko leku lasai batean aurkitzen gara behintzat. Presarik ez dugu eta ondo errekuperatu arte hemen izango gara. Kilimanjaro ez da tokitik mugituko!
108. eguna: Same (Errekuperazioa)
Gau ona pasa ostean Pello ahul sentitzen da oraindik, atzo oso gutxi jan ahal izan zuen eta. Horregatik, beste egun bat hartzea erabaki dugu. Etapa gogorra dator aurretik eta ez du zentzurik sufritzen aritzeak.
109. eguna: Same – Moshi (110km, +560m)
Pelloren indarrak bueltan dira eta horrekin batera gu martxan. Kilometro gutxiren ondoren ikusi dugu lehen aldiz Kilimanjaro. Afrika kontinenteko punturik altuena da hau, 5.895 metroko sumendi puska. Inoiz ikusi dugun mendi altuena!
Lainoek mendiaren tontorra noizean behin soilik ikusteko aukera eman diguten arren, atera den tarte gutxi horietan gozatu ederra hartu dugu. Igotzeko intentzioz etorri gara, baina esan digutenez 1000€-tik gora ordaindu behar dira pertsonako. Hobe informatu beharko dugu, baina gure aurrekontutik kanpo daude zenbaki horiek…