Dar es Salaam Tanzaniako merkatal hiri nagusia da. Kostan kokatua dagoenez, merkataritza ontzi ikaragarriak iristen dira bertara. Portuaren sarreran, barku ikusgarri hauen artean, Dar es Salaameko arrain merkatua aurkitzen da. Goizeko seiak aldera txalupa txiki batzuetan arrantzaleak iristen dira itsasotik arrain freskoarekin, ondoren, merkatuko postuetan saltzeko. Giro ederra egoten da bertan, izan ere, herritar asko gerturatzen dira erosketak egitera eta produktuak enkante moduko batean saltzen dituzte. Hau dela eta, zalaparta handia egoten da.
Bidaian zehar bisitatutako herrixkatan mota guztietako merkatuak ikusteko aukera izan dugu baina azken hau izan da denetan politena iruditu zaiguna. Ez dugu ezer erosi baina arrain piska bat jateko gogoa piztu digula esan behar dugu!
79. eguna: Dar es Salam – Stone Town – Paje (49km, +96m)
Iritsi gara Zanzibar uhartera! 3 hilabete bizikletan pasa ostean atseden hartzea ezinbestekoa zaigu. Orain arte ezagutu dugun jende guztiak asmo onez eta borondate osoz lagundu izan digu, trukean ezer eskatu gabe alegia. Baina inguru turistikoetan, zoritxarrez, batzuek edozein aitzakia erabiltzen dute dirua ateratzeko. Eta hau izan da gertatu zaiguna, turismoaren ondorio diren peajeak ordaindu behar izan ditugu.
Adibidez, uhartera iristeko erabiltzen den Ferrira sartzeko bidexka moduko bat egin behar da. Bide hau seinaleztatuta dago eta ezinezkoa da bertan galtzea. Hala ere, bertako batek lagundu nahi digula esan eta gurekin etorri da berriketan ontzira iritsi garen arte. Gure harridurarako, bidea erakusteagatik ordaindu egin behar diogula esan digu. Azkenean egoskor jarri da eta gogozkontra baina ordaindu egin diogu.
Zanzibarrera iristean portuan zegoen polizia batek bizikletak uhartean sartzeko inpostu moduko bat ordaindu behar dela esan digu. Gure ustez, iruzur egin digu baina kasu honetan ordaintzea beste erremediorik ez dugu izan.
Ea egonaldi honetan halako kontuak saihesten ikasten dugun behintzat…