Promesa mailako batelak bikain, 'etxeko' estropadan

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 8a, 00:00

Hernaniko mutil promesen batela, larunbatean. Argazkia: Nerea Irastorza

Promesa nesketan bigarren izan zen Hernani, eta mutiletan hirugarren, Arraun Elkarteak antolatutako estropadan.

Pasai Donibanen zeukaten estropada larunbatean, Gipuzkoako Batel Ligaren barruan; baina etxean aritu ziren batel hernaniarrak, Hernaniko Arraun Elkarteak antolatu baitzuen. Eta bere estropadan, zazpi batelek hartu zuten parte, maila onean.

Promesa mailan lortu zituzten emaitzarik onenak, hernaniarrek. Nesketan, 15 batelen artean, bigarren sailkatu zen Hernani A, 7:42 denborarekin; Orio irabazleak baino segundu eta erdi gehiago. 10garren izan zen Hernani C (8:27), eta 12garren Hernani B (8:41). Mutiletan, berriz, hirugarren izan zen Hernani, 13 batelen artean, 7:18 denborarekin; San Juan irabazleak baino zazpi segundu gehiago.

Neska infantiletan ere ederki aritu ziren hernaniarrak, 16 batelen artean bosgarren. 5:41 denboran osatu zuten proba, Zumaia irabazleak baino 29 segundu motelago. Eta neska jubeniletan ere, bosgarren sailkatu zen Hernani, zazpi batelen artean. 10:43 denbora egin zuten, San Juan irabazleak baino 19 segundu gehiago.

Eta nesken maila absolutuan, oraingoan Hibaikak hartu zion aurrea Hernaniri, oso tarte txikiarekin: 1,83 segundukoa izan zen tartea, bi batelen artean.

Datorren larunbatean, bosgarren jardunaldia izango du Batel Ligak. Zumaian jokatuko dute estropada, 11:00etan hasita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!