Hernanik antolatutako batel estropada, gaur Pasai Donibanen

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 5a, 00:00

11:30etatik aurrera hasiko da, Gipuzkoako Batel Ligako laugarren jardunaldia. Neska promesak ligako lehen postuan daude sailkatuta.

Gipuzkoako Batel Ligako laugarren jardunaldia jokatuko da gaur Pasai Donibanen. 11:30etan hasiko da estropada eta Hernanik antolatzen du jardunaldi hau. Orain arte hiru jardunaldi bete dira eta Hernaniko zortzi ontzi txikiak maila ederrean ari dira.

Neska promesetan hiru batel hernaniar ari dira lehiatzen eta  A ontziak lehen postua eskuratu du. Beraz, gaur Donibaneko uretan lidertza eusten saiatuko da. 41 puntu ditu batel hernaniarrak eta puntu bakarrera dago Hibaikako ontzia. Hernani B hirugarren postuan dago sailkatuta eta C ontzia hamargarren. Kontuan hartu behar da talde batzuk bi estropada bakarrik burutu dituztela; Tolosaldea A, Orio A eta San Juan B batelek esaterako.

 

Promesa mutilak, goiko postuetan

Mutil promesak ere goiko postuetan ari dira lehiatzen. Laugarren daude sailkatuak, baina aurreneko lau batelak hiru puntutan daude. Infantil mutilak, infantil neskak, jubenil neskak eta absolutu neskak ere parte hartuko dute gaur. Helburua, emaitzak hobetzen joatea da eta oraingoz gauzak bide onetik doaz haientzat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!