Metrokoadroka Sormen Laborategiak irekiko du Geuretik Sortuak-en antzerki obren erakustaldia

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 5a, 00:00

'Bidaide' obra aurkeztuko du Metrokoadroka Sormen Laborategiak otsailaren 10ean, Biterin.

Denera, bost antzerki aurkeztuko dituzte, eta lehenengoa otsailaren 12an izango da: 'Bidaide'. Ipuin-bildumaren aurkezpena martxoaren 3an izango da eta ikus-entzunezkoen aurkezpenen data, berriz, zehazteke dago oraindik.

Udalbiltzak bultzatutako Geuretik Sortuak egitasmoak datorren astetik aurkeztuko ditu, Hernanin, proiektuaren lehen edizioan hautatuak izan diren antzerki obrak. Metrokoadroka Sormen Laborategiak sortutako Bidaide antzezlanak emango dio irekira aurkezpenari, otsailaren 10ean, Biterin. Eta, datozen hilabeteetan, beste lau antzerki ere izango dira: Trapu zikinak (Lore More antzerki taldea), Eresia (Oier Zuñiga), Sexberdinak (Tanttaka teatroa) eta Harri minak (Bonbon beltz eta berritza).

«Antzezlanok orri gaineko proposamenak besterik ez ziren proiektuan hautatuak izan zirenean, eta 2021ean egokitu zaizkien udalerrietan egonaldiak egin ostean gorpuztu dira; batzuen kasuan, izenburua aldatu ere, nahiz eta esentzia bera izaten jarraitzen duten», aipatu dute Udabiltzako ordezkariek.

Aurkezpen guztiak Biterin izango dira, 19:30etan hasita. Sarrerak 8 euro balio ditu eta salgai egongo dira Biteriko leihatilan edo, bestela, online, kultura.hernani.eus webgunean. Aukera ezinhobea lan berriz gozatzeko.

 

Filmak, ipuinak eta antzerkiak

«Euskera hutsean egindako artea eta kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatuko duen zirkuitu nazionala» da Geuretik Sortuak, eta antzezlanak ez ezik, bestelako obrak ere hautatu dituzte lehenengo edizio honetan. Zehazki, ipuin-bilduma eta ikus-entzunezkoak. Azken horien kasuan, Hernaniko aurkezpena zehazteke dago oraindik. Hala ere, aurreratu daiteke Raúl Barreras zinegileak Hernanin grabatutako Arnasa filma proiektatuko dela. Onddi mendi magaleko baserri batean grabatu zuten, eta Eneko Sagardoy da protagonista. Barrerasek azaldu zuenez, asmoa zen aktoreak hernaniarrak izatea, baina, azenean, ez da lortu guztiz horrela izatea. Nolanahi ere, herritarren presentzia nabaria izango da ikus-entzunezkoak: «herriko baserritarrekin hitz egin dut, eta haiek esandakoak txertatu ditut film laburraren gidoian».

Gaiari dagokionez, zinegilearen hasierako ideia zen homofobia eta adinekoen zaintzaren gainean hitz egitea, COVID-19ak eragindako egoeraren testuinguruan. «Baina denborarekin eta Hernaniko errealitatea ezagutu ostean, hasierako asmoa moldatu dut eta, orain, COVID-19a apur bat bazterrean utzi eta beste ikuspuntu batetik ari naiz», aipatu zuen zinemagileak joan den urteko azaroan Hernaniko udaletxean egindako aurkezpenean.

 

130etik gora antzerki-emanaldiz osatutako zirkuitua

Ipuinen bilduma, berriz, martxoaren 3an aurkeztuko dute. Liburuak 16 idazleren lanak bildu ditu, eta, horien berri emateko, Hernaniko Musika Eskolako ikasleek girotuko dute aurkezpena. Tartean, Yolanda Arrietak Estekak ipuina aurkeztuko duela aurreratu dute negu-udaberriko kultur agendan.

Geuretik Sortuak proiektuak «lurraldetasun orekari erreparatuz» hautatutako Euskal Herriko hainbat herritan izan du kokalekua, eta horien artean dago, hain justu ere, Hernani. Proiektuaren protagonistak kulturgileak izan dira; zehazki, zinemagintza, literatura eta antzerkigintzako 20-25 artista. Ondoren, deialdi ireki bidez aukeratutako kulturgileek euren bizilekua ez den herri batean hiru astera bitarteko egonaldia egin zuten joan den urtean eta, bertan, herriaren errealitatea oinarri hartuta edota herriarekin batera hitzartutako gai baten gainean, euskerazko sormen lana garatu zuten.

130etik gora antzerki-emanaldiz osatutako zirkuitua antolatuko du Udalbiltzak 2022an zehar Euskal Herriko zazpi lurraldeetan. Obra bakoitzari buruz gehiago jakiteko, atal berri bat sortu dute Udalbiltzaren webgunean. Agenda bat ere osatu dute, hilabetez hilabete osatzen joango dena, emanaldi bakoitzaren informazio praktikoarekin.

Orain, lanak aurkezteko eta zabaltzeko unea heldu da eta, hernaniarrek datorren astetik aurrera izango dute proiektuak gertutik ezagutzeko aukera.

Otsailaren 11n eskainiko diren obra gehiago zehaztuko dira Biteri kultur etxean eskainiko den prentsaurreko batean eta beste bi obraren izenak, gutxienez, jakingo dira egun horretan.

 

«Herrietako kulturgileen ikusezintasun hautazkoaz edo ez hautazkoaz»

'Bidaide' anztezlana aurkezuko du Metrokoadroka Sormen Laborategiak «modu bisualean, poetikoan eta umoretsuan».

Antzerki obren erakustaldiei dagokienez, lehenengo lana Metrokoadroka Sormen Laborategiak aurkeztuko du, otsailaren 10ean, Biterin. «Nor ote dago erraldoien gonen azpian? Nola ikusten da mundua erraldoien barrutik?», aurreratu dute sortzaileek. Modu bisualean, poetikoan eta umoretsuan aurkeztuko dute Bidaide.

Idoia Beratarbidek eta Idoia Eliasen zuzendutako obra da, eta azaldu dutenez, antzerkia mintzo da «herrietako erraldoien iruditeriatik modu poetikoan abiatuta, haundia eta txikia izatearen arteko aldeaz, herrietako kulturgileek ikusezintasun hautazkoaz edo ez-hautazkoaz, eta kultura bizitzeko moduez».

 

«Nola garbitzen dira lotsak utzitako orbanak? Eta indarkeriarenak?»

Lore More antzerki taldeak 'Trapu zikinak' antzezlana aurkeztuko du. «Jo ta fuego» aritu ziren arbasoei egindako omenaldia da.

Mezu sakona du Lore More taldeak aurkeztuko duen Trapu zikinak antzezlanak: «Trapu zikinak etxean garbitzen dira esaten bada ere, herri garbilekuek, egun mutu dauden harritzarrek, beste errealitate posible bat agerian uzten dute: trapuok kalean garbitzen zirela, alegia, bizilagun, senide eta lagunekin batera; intimitatearen ideia begi berriz aztertu dezakegu iraganeko ur horietan murgiltzen baditugu eskuak».

Aurreratu dutenez, arbasoei zuzendutakoa da plazaratuko duten obra: «ikuskizun hau garbilekuetan jo ta fuego aritu ziren arbasoei omenaldia da. Haien izerdi eta irriei, haien arteko laguntza eta isiltasunei. Izan zirelako, gara».

 

 

«Maite dugunaren heriotza datorrenean, zer egin behar dugu? Nola agurtu?»

Oier Zuñigaren zuzendaritzapean, 'Eresia' obra aurkeztuko dute Biterin. Doluaren bueltan arituko dira, «dolu erritu kolektibo bilakatuz».

Dolua jarriko du erdigunean Oier Zuñigak zuzendutako eta ekoitzitako Eresia obrak. «Ama hil da, hori da egia. Kantu bat, dantza bat, erritu bat... lore bat eskaini nahiko nioke. Hildakoei gorazarre egiteko abesten ziren bertsoak dira Eresiak, baina nik jada, ez dut kanturik hildako ama agurtzeko», aurreratu dute sinopsian.

Norbaiten heriotza, maite dugun pertsona batena, gertutik bizi dugunean, burura datozkigun galderak, kezkak eta ezinegonak mahaigaineratuko ditu Zuñigaren lanak: «maite dugunaren heriotza datorrenean, zer egin? Nola agurtu? Nola begiratu bizitzari? Maitasuna da akaso guztiaren erantzuna?», hausnartu dute aurkezpenean.

Eneko Gilek, Belen Cruzek eta Oier Zuñigak berak aurkeztutako antzezlan honetan, esperimentatu eta dolua erritu kolektiboa bilakatzea xede dutela azaldu dute. «Ohiko dolu errituak nahikoak ez direnaren sentsaziotik abiatuta, dispositibo poetikoen bidez bestelako dolu praktika esperimentatzeko xedea nuke, ekintza eszenikoa bera, dolu erritu kolektibo bilakatuz».

 

 

«Beldur, amets eta ilusio ezberdinak ditugulako»

Tanttaka Teatroak ,'Sexberdinak' antzerkian, maitasuna, sexua, bakardadea eta jendearen aurreiritziak izango ditu aztergai.

Mireia Gabilondok zuzenduta, Aitziber Garmendiak eta Telmo Iruretak Sexberdinak antzezlana aurkeztuko dute. Sinopsian aurreratu moduan, maitasuna, sexua, bakardadea eta jendearen aurreiritziak izango dituzte aztergai. «Anaren bihotza logela huts bat omen da. Nicok berea tatuatu egin nahi du. Igogailu batean daude harrapatuta eta ezezagun izatetik lagun izatera pasako dira. Beno, duela hiru urte gertatu zen hau, baina iraganera bidaiatuz, orainaldian biziko dugu kontatzera datozena», kontatu dute.

Bi lagunen istorioa dela adierazi dute, «umorez eta minez» tindatuta: «garun-paralisia duen kazetariak eta kontraesanetan erdi itota dabilen goxoki saltzaileak, beren bizipen afektibo sexualak azalduko dituzte inolako konplexurik gabe, gutako bakoitzak, norbere paralisiarekin, beldur, amets eta ilusio ezberdinak ditugula erakusteko».

 

 

 

«Bizitza, bi zuloen artean: bi arrakalen tartea»

Zuberoako Bonbon Beltz antzerki konpainiak 'Harri minak' antzezlana ekarriko du Biterira.

Bonbon Beltz antzerki konpainiak aurkeztuko du Geuretik Sortuak egitasmoko antzerki obren sortako azken lana:

Harri minak.

Bizitzak bi zuloen artean dirau:
Zulo batetik gatoz, zulora goaz.
Bi arrakalen tartea.
Hutsuneak bete nahian igarotzen dugun tartea.
Harriko zuloa, herriko zauria.
Ekin ta ekin, tirita jarri ta jarri.
Zauria dago hor, baina… -dio orbainak.
Zuloak harriari min ematen al dio?

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!