Dirulaguntzak, Hernaniko nekazari eta abeltzainentzat

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 5a, 00:00
Lehen sektorearentzako dirulaguntza deialdia zabaldu du Udalak.

15.000 euroko partida jaso du Hernaniko Udalak, «elikadura burujabetza sustatzeko»; eta martxoaren 11ra arte aurkeztu daitezke eskaerak, udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzuan, edo telematikoki 'hernani.eus' webgunean. Gehienez 2.000 euroko dirulaguntza jasoko du bakoitzak.

Zabalik dago dirulaguntza deialdia, Hernaniko nekazari eta abeltzainen ekoizpena eta banaketa sustatzeko. Guztira, 15.000 euroko partida jaso du Hernaniko Udalak, «herriko elikadura burujabetza sustatzeko» asmoz. Urtarrilean argitaratu zuen deialdia, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean; eta martxoaren 11ra arte dago epea, dirulaguntza eskaerak egiteko. Horiek aurkeztu daitezke Hernaniko udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzuan, edo telematikoki Udaleko erregistro elektronikoaren bitartez (hernani.eus).

Deialdi honen bitartez, diruz lagunduko dituzte herriko nekazariek eta abeltzainek ekoizpenerako beharrezkoak dituzten baliabideetan eta makinerian egindako inbertsioak. Zehazki, deialdian sartuko dira ekoizpenaren banaketarako baliabideak eskuratzeko egindako inbertsioak, edota ekoizpen gaitasuna haunditzeko eta hobetzeko egindakoak (negutegiak, makineria...). Inbertsio horiek 2022ko urriaren 31 baino lehen egin beharko dira, eta gehienez ere, egindako inbertsioaren %75a lagunduko da diruz, 2.000 euroko mugarekin, eskatzaile bakoitzeko. Diruz lagunduko den kostuan, ez dira sartuko BEZa eta beste edozein zerga, alokairu gastuak, mantenua edota konponketak, besteak beste.

Dirulaguntza eskaera egiteko, aurkeztu beharko da Udalaren eskaera-eredu normalizatua, honako dokumentuekin batera: dirulaguntzaren helburu izango den jardueraren deskribapena eta aurrekontua; Identifikazio Fiskaleko Kodea (IFK-CIF) dokumentuaren fotokopia eta ordezkariaren NAN dokumentua; eskatzailearen kontu korrontearen titulartasuna egiaztatzen duen agiria; dirulaguntza eskatzen duen erakundearen estatutuak eta curriculuma (kideak, helburuak, egiten dituen jarduerak...), sortu zenetik aldaketak izan badira; eta ekoizle profesionala dela bermatzen duen agiria.

 

Ebazpenak, hilabeteko epean

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik, hilabeteko epean eman eta jakinaraziko dute ebazpena. Dirulaguntza jasotzen dutenek, %80a jasoko dute dirulaguntza onartzen denean; eta gainerako %20a justifikazio txostena aurkeztu ondoren. Jarduera burutu eta hilabeteko epean aurkeztu beharko da justifikazioa, eta beranduenez 2022ko azaroaren 30ean. Bertan, honakoak aurkeztu beharko dira: diruz lagunduko den programa edo jardueraren memoria; sarreren eta gastuen balantze ekonomikoa; egindako gastuak justifikatzeko fakturak, eta ordainketa egin dela justifikatzen duen dokumentazioa; dokumentazio grafikoa (argazkiak, kartelak); eta diruz lagundutako jarduera finantzatzeko izan diren beste sarrera edo dirulaguntzen zerrenda (zenbatekoa eta jatorria).

Izan ere, Udalaren dirulaguntza deialdia bateragarria da beste dirulaguntza batzuekin, edozein erakunde publiko edo pribatutatik datozela ere. Hori bai, dirulaguntza guztien baturak ezingo du izan egindako inbertsioaren kopurua baino haundiagoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!