Henaserekin hitzarmena Udalak, herriko nekazaritza sustatzeko

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 3a, 00:00
Ramon Mugerza Imaz Henaseren ordezkaria, eta Xabier Lertxundi alkatea.

50.000 euroko dirulaguntza zuzena emango dio Hernaniko Udalak Henase elkarteari, elkarteak dituen erronkak gauzatu ahal izateko. 

Henase elkartea joan den urteko ekainean sortu zen, «herriko nekarazi eta abeltzain profesionalak biltzeko asmoarekin». Elkartea irabazi asmorik gabea da, eta horren helburu nagusia honakoa dela ziurtatu dute elkarteko kideek: Hernaniko nekazaritza eta abeltzaintza jarduera ekonomikoaren, enpleguaren eta paisaiaren sustapenerako eragile gisa dinamizatzea. Horretarako, hain zuzen ere, sektorearen beharrak defendatzeaz gain, tokiko ekoizpena erakargarri eta eskuragarri egitea ere bada elkarte honen lehentasuna, besteak beste.

Hau guztia kontutan hartuta, Hernaniko Udalak Henase elkartearekin hitzarmen bat sinatu du eta, horren arabera, Henasek bere helburuak lortzeko behar dituen baliabideak eta espazioak eskuratzeko dirulaguntza izango du. Halaber, honakoa gaineratu dute: «pertsona berriak, hala nola gazteak eta emakumeak, sektorera erakartzea helburu dituzten ekimenak ere dirulaguntza honen objektua dira». 

Udalak 50.000 euroko dirulaguntza emango dio Henaseri sinatutako hitzarmen honen baitan, «elkarteak dituen erronkak gauzatu ahal izateko». Eta honako erronka hauek jarri dituzte mahai gainean: nekazarien eta abeltzainen interesak defendatzea, banakako aholkularitza eta doako formakuntza eskaintzea, dinamizazio ekintzak burutzea eta lehen sektorea sustatzeko plan estrategikoaren baitan ezarri diren gobernantzarako foro eta mahaietan parte hartzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!