'Haurdunaldia bizitzea eta partekatzea' tailerrean izena emateko epea bihar amaituko da

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 3a, 00:00

Izena emateko 'kulturartekoplazafeminista@hernani.eus' helbide elektronikora idatzi daiteke, 943 337 017 telefonora deitu, edo Kulturarteko Plaza Feministako bulegora bertaratu.

Datorren asteazkenean emango zaio hasiera Haurdunaldia bizitzea eta partekatzea tailerrari, eta ekainaren 15era arte iraungo du. Asteazkenero izango da, eta honakoak dira antolatzaileek tailerra burutzeko zehaztu dituzten egunak: otsailak 9, 16 eta 23; martxoak 2, 9, 16 eta 30; apirilak 6 eta 27; maiatzak 4, 11 eta 18; eta ekainak 1, 8 eta 15. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da tailerra, 20:00ak arte. Kulturarteko Plaza Feministan eskainiko dira saioak, euskeraz izango dira, eta 30 eurokoa da tailerraren prezioa. 

Antolatzaileek nabarmendu dute, parte hartu ahal izango dutela haurdun dauden emakumeek, «gutxienez 12 asteko daudenek, eta haien bikote edo laguntzaileek». Saio batzuetan, haurdun dauden emakumeek bakarrik hartuko dute parte; beste batzuetan, berriz, bikote edo laguntzaileek; eta beste batzuetan, denek elkarrekin.

Josune Martirena Sagasti­beltza psikologoa izango da sa­ioetako moderatzaileetako bat. Bera psikologoa da; «psiko-gorputz orientazioko psikoterapeuta eta osasuna bizitzaren hasierako unetik prebenitzeko gaian espezializatua», hain zuzen ere. Eta Marijo Artola Lizarazu izango da bestea, gorputzaren osabide integratzailea: «diafreo metodoa erabiltzen du; arnasa, giharren luzaketa eta gorputzaren hezkuntza entzunez, malgutasunez eta barne espazioaz jabetuz ere egiten du lan», azaldu dute antolatzaileek. 

 
Tailerrak hainbat helburu, haurdunaldiari begira

Haurdunaldian zehar, ohikoa izaten da hainbat azterketa ginekologiko eta proba egitea «arrisku-haurdunaldiak detektatzeko, eta amaren eta umearen osasun fisikoan zerbait gaizki ote doan jakiteko, besteak beste. Azken batean, haurdun dagoen emakumearen kontrola eramatea da protokolo horren helburua, haurdunaldian zehar arazorik sortzen bada haiei aurre egiteko. Baina haurdun dauden emakumeen eta beraien bikoteen kezka nagusia bere seme-alaba ongi jaioko ote den baldin bada ere, argi eduki behar da haurdun egotea ez dela gaixorik egotea», azaldu dute.

Hainbat helburu ditu haurdunaldiaren tailerrak; hala nola, haurdunaldiaren eta erditzearen anatomiari buruzko informazioa ematea; haurdunaldiaren faseei eta umekiaren garapenari buruzko informazioa ematea; haurdunaldian izaten diren ondoezak arintzeko eskura ditugun modu eta erremedioei buruzko informazioa ematea (digestio astunak, bihotzerrea...); eta  haurdun dagoen emakumearen eta bikotearen benetako beharrak zein diren errekonozitzen eta adierazten hasteko tresnak ema­tea, besteak beste. 

 

Izena emateko aukera, bihar arte

Haurdunaldi tailerrean parte hartu nahi duenak, aldez aurretik izena eman behar du, eta biharkoa da azkeneko eguna. Hainbat modu daude horretarako: kulturartekoplazafeminista@hernani.eus helbide elektronikora idatzita; 943 337 017 telefonora deituta; edo Kulturarteko Plaza Feministara bertaratuta, goizeko 09:30etatik iluntzeko 21:30etara bitartean. k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!