Harrobiaren egungo egoera dela eta «haserre» agertu da alderdi jeltzalea

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 2a, 00:00

«EH Bilduren ekintza falta ikusita» Hernaniko EAJk Eusko Jaurlaritzari babesa eskatzea erabaki du, «harrobia ikuska dezan». 

Andoni Amonarraiz EAJko bozeramailea, «haserre» agertu da EH Bildurekin, harrobiaren egungo egoera dela eta. Horrexegatik, hau azpimarratu du: «harrobiaren betelanak legea betetzen ez duela jakinda (2020ko urtarrilean egindako txostena), ez dute ezer egin erantzukizunak argitzeko», eta gehitu du ez dutela udal ondarea «zaintzeko» helburuekin jardun.

Alderdi jeltzaleak dio EH Bilduk agian «marra gorria» pasa duela: «harrobia bete zuen enpresarekin edota obra zuzendaritzarekin zerbait dutela iradokitzen ari garela esango dute. Argi utzi nahi dugu ez duela zerikusirik horrekin». Hori horrela, EAJk, argi utzi nahi du egia bakarra «ezer egin ez izana» dela eta honakoa gaineratu du: «zerbait egin zen: harrobiaren egoera zein zen jakinda ere, enpresa bati ordaindu zitzaion parte hartze prozesu bat antola 
zezan. 15 bat pertsonek hartu genuen parte eta harrobia egoera horretan egonda ere, bertan egingo zena zehaztu zen».

Alderdi jeltzaleko bozeramailea den Andoni Amonarraizek «historia pixka bat egiteko asmotan», hainbat datu helarazi nahi izan ditu. Dio, 2008garren urtean, Hernaniko Udalak kontratu bidez esleitu ziola Campezo, S.A enpresari Santa Barbarako harrobiaren betelana: «baldintzetako bat zen zabortegiak eskabazioetatik eratorritako lur naturalak bakarrik onartuko zituela, eta aisialdirako gune bihurtuko zela». Horrez gain, 2016ko uztailean krisi
ekonomikoarekin, «nabarmen murriztu zen obra publikoa, eta Campezok betelan obra amaitutzat eman zuen». EAJk dio 2020garren urtean «behin eta
berriz eskatu zuela harrobiko betelanaren kalitatearen azterketa bat egitea».

Amonarraizen ustetan, «EH Bilduren ekintza falta ikusita», Hernaniko alderdi jeltzaleak Eusko Jaurlaritzari babesa eskatzea erabaki du, harrobia ikuska dezan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!