Garaipen bana lortu dute Euskal Ligako nesken eta mutilen taldeek

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 1a, 00:00

Partidu ona jokatu zuten neskek, Uni Navarraren kontra.

Mutilek 0-3 menderatu zuten Navarmutilak. Neskek Uni Navarrari irabazi zioten, baina Getxoren kontra galdu.

Bete-betea izan dute asteburua, Hernaniko boleibol taldeak; eta garaipen bana lortu dute, Euskal Ligako neska eta mutil seniorren taldeek.

Etxean aritu dira neskak, eta bat ez, bi partidu jokatu dituzte, asteburu berean. Larunbat arratsaldean, Universidad de Navarra taldea hartu zuten kiroldegian, bere garaian elurteagatik atzeratu zen partidua jokatzeko. Garaipen ederra lortu zuten etxekoek, sekulako lana eginda: 3-1 nagusitu ziren, kontrarioek bukaerara arte borrokatu zuten partiduan. 25-22 eta 25-21 irabazi zituzten aurreneko bi jokoak hernaniarrek, eta nafarrek hirugarrena eskuratu arren (19-25), laugarrenean lortu zuten partidua bukatzea (25-19).

Hurrengo egunean jokatu zuten asteburuko bigarrena, Getxoren kontra. Eta horretan, bezperako nekea nabarituta, ezin izan zioten aurre egin talde bizkaitarri: 16-25, 17-25 eta 15-25.

Mutilen taldeak, bere aldetik, Berriozarren zeukan hitzordua, igandean, Navarmutilak taldearen kontra. Eta nabarmen nagusitu zen, garaipen garrantzitsua lortzeko: 16-25, 21-25 eta 11-25 irabazi zituen hiru jokoak.

Kantxara bueltatu dira, bestalde, eskola kiroleko taldeak. «Gaztetxoak gustura daude, lehiaketara bueltatzearekin. Emaitzak, astero bezala, gazi-gozoak izan dira; baina hori da gutxienekoa. Lehentasuna da parte hartzeko aukera izatea, bereziki gaztetxoenetan», nabarmendu dute klubetik. Neska infantiletan zein kadeteetan, jokatutako sei partiduetatik hiru irabazi dituzte hernaniarrek. Mutil kadeteek ere garaipena lortu dute asteburuan. Eta porrota jaso du neska jubenilen taldeak. k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!