Dagoeneko ireki ditu ateak Chillida Lekuk, eta egitarau oparoa prestatu dute aurtengorako ere

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 1a, 00:00

Basoan sorkuntza-laborategian, gazte ugarik hartu dute parte. Argazkia: Nagore Legarreta.

Aurtengoan ere, bigarren urtez ospatuko du Chillida Lekuk 'The Big Draw' jaialdia. Doakoa da, eta antolatzaileek nabarmendu dute aldez aurretik izena eman behar dela webgunean: 'museochillidaleku.com'.

Urtarrilaren 27an ireki zen berriro ere Chillida Leku, «artista donostiarrak Zabalaga baserrian egin duen lanaren proposamen berri batekin», hain zuzen ere. Urtarrilaren 10ean, Tápies erakusketa amaitutzat eman bazen ere,  aurkezten den piezen aukeraketak bere ibilbideko gai funtsezkoenak jorratzen ditu. 

Hori kontutan izanik, etxekoek aditzera eman dute birkonfiguratutako museografia honi esker, Eduardo Chillidaren ibilbidea hurbilago izango duela jendeak, izan ere, «1948an Parisen sortutako lehen igeltsu-lanetatik 90eko hamarkadaren amaieran altzairuz eta hormigoiz egindako espazio publikorako proiektu monumentaletaraino, artistek erabilitako materialen aniztasuna erakusten du ibilbideak». Eta Estela Solano museoko arduradunak honakoa gehitu du: «horregatik, baserriko museoko birmoldatzeak bere obran sakontzea eskatzen du, begirada berriak eta osagarriak emanez». Oraingo antolaketa berri honekin, lehen ez zeuden obrak ikusi ahal izango dira, hala nola, alabastrozko eskulturak, eta altzairuzko piezak; «biak ere Chillidak espazioak eraikitzeko eta konfiguratzeko duen interesaren adierazgarri». 

Horrez gain, Carmina Dovale arkitekto eta irakasleak, Chillidaren obran espzialista denak, bi tailer egingo ditu. Saioetan, partehartzaileek «aukera infinituen mundua esplikatu ahal izango dute». Lehenengo saioa helduentzat bakarrrik izango da, eta martxoaren 26an eskainiko da. Familientzako tailerra, berriz, apirilaren 9an izango da, larunbatean. 

 

'Basoan' sorkuntza-laborategiaren erakusketa   

Basoan gazteentzako esperimentazio artistikoko laborategia egin zuten Nagore Legarreta argazkilariaren gidaritzapean, eta emaitzak ostiralean erakutsi ziren jendaurrean. Erakusketa hori atzora arte egon zen ikusgai, eta mota guztietako lanak zeuden bertan. 

 

'The Big Draw'-ren bigarren edizioa, aurten 

Chillida Lekuk The Big Draw ospatuko du bigarren urtez. Nazioarteko jaialdi honek «marrazkia du ardatz», eta otsailera arte izango da. Aurtengo edizioak Egin ezazu aldaketa eta izena du, eta  «hurrengo belaunaldientzat etorkizun hobea ziurtatuko duten planetan bizitzeko modu berriak aztertzeko gonbita egiten du». Aipatutako jarduera hori doakoa da, baina aldez aurretik izena eman behar da. Horrekin batera, museoak ikastetxeei egin diete gonbita, dohainik, jardueran parte hartzeko

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!