Maider Huizi, Bizkaia Torneoko txapeldun

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 1a, 00:00

Maider Huizi eta Amaia Irazustabarrena.

Hernaniarrak, Martinekin batera, Irazustabarrena herrikidea eta Etxaniz garaitu zituzten Bizkaia Arenan.

Maider Huizi hernaniarra eta Nagore Martin gasteiztarra Bizkaia Torneoko txapeldun izan ziren igandean Bilboko Bizkaia Arena frontoian. Urteko txapelik garrantzitsuenetakoa da eta finalean 2-1 nagusitu ziren Amaia Irazustabarrena hernaniarra eta Leire Etxanizen kontra. 

Partidu ikusgarria jokatu zuten lau finalistek. Txapela hernaniar batentzat zen bai ala bai eta oraingo honetan Huziren alde izan zen, nahiz eta gorriak hasi irabazten. Aurreneko jokoa gorriek lortu zuten eta bigarren jokoan ere irabazten hasi ziren baina urdinek 12-11 irabazita hirugarren jokoan erabaki zen txapela. Zazpina berdindu zuten bi bikoteek, baina azken tantoetan urdinek gehiago asmatu zuten. Urdinak 9-7 aurreratu ziren eta azken jokoa 12-10 irabazi zuten. Pelotari onenaren saria jaso zuen Irazustabarrenak, baina seguru sari hori aldatuko lukeela irabazlearen txapelagatik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!