Zazpi hernaniar, Gipuzkoako pista estaliko txapelketa absolutuan

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 1a, 00:00

Maila onean aritu ziren Mikel Campos eta Arixen Unanue (alboetan).

Maila onean aritu ziren atleta gazteak, 200 eta 800 metroko probetan, eta salto hirukoitzean.

Pista estaliko Gipuzkoako Txapelketa jokatu dute joan den asteburuan, maila absolutuan. Donostiako belodromoan izan zen, igande goizean, eta bertan hartu zuten parte CD Hernaniko sei atletak, hiru probatan: 200 metrokoan, 800 metrokoan, eta salto hirukoitzean. Bizkaiako Txapelketa ere jokatu zen Donostiako belodromoan bertan, eta elkarrekin aritu ziren denak.

200 metroko probako semifinaletan aritu ziren hiru hernaniar. Nesketan, aurreneko txandan, bosgarren izan zen Naroa San Miguel (30,34 segundu); eta zazpigarren txandan, bigarren sailkatu zen Arixen Unanue (27,85). Finaletik kanpo geratu ziren biak, ordea. Mutiletan, berriz, bere txanda irabazi zuen Mikel Camposek (22,99), eta finalera sailkatu zen. Finalean ezin izan zuen maila bera eman (23,26), eta seigarren bukatu zuen.

800 metroko proban, berriz, finalak jokatu zituzten zuzenean, eta Hernaniko bi mutil izan ziren partehartzaileen artean. Aurreneko txandan aritu zen Peru Arregi, eta seigarren sailkatu zen (2:01,44). Hodei Sasiain, aldiz, laugarren txandan lehiatu zen, eta bosgarren bukatu zuen (2:19,09).

Eta salto hirukoitzean, azkenik, Nora Lopezek hartu zuen parte, finalean. Zazpigarren sailkatu zen, 15 partehartzaileren artean. 10,55 metrokoa egin zuen saltorik onena Lopezek, eta beste bi salto ere egin zituen onak: 10,31 eta 10,37 metro.

Datorren asteburuan, berriz, pista estaliko Euskadiko Txapelketa jokatuko da maila absolutuan, Donostiako belodromoan hori ere. Bi egunez izango dira probak, larunbat eta igande. Eta ostiraletik igandera, master kategoriako Espainiako Txapelketak izango dira, Valentzian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!