Santa Ageda bezperarako entsaioak Biterin, bihar eta ostegunean

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 31a, 00:00

Milagrosan elkartuko dira ostiralean, bertatik kantu kantari abiatzeko.

Ostiralean santa eskean ateratzeko zita jarri du Ohitura Zaharrak taldeak, 17:45etan Milagrosan, eta bi entsaio  egingo dituzte aurretik, prestatzeko.

Berezia izango da aurtengo Santa Ageda bezpera, Hernaniko Ohitura Zaharrak taldearentzat: 60 urte beteko dira, taldea aurrenekoz atera zela santa eskean. «Badugu zer ospatu!», nabarmendu dute. Eta beraz, ez diote hutsik egingo otsailaren 4ko hitzorduari, ostiral honetan. Arratsaldeko 17:45etan abiatuko dira Milagrosatik, herrian barrena kantu kantari ibiltzeko.

Eta egun berezia prestatzeko, bi entsaio egingo dituzte, datozen egunetan. Bihar bertan izango da aurrenekoa, arratsaldeko 19:30etan hasita Biterin; eta ostegunean egingo dute bigarrena, ordu eta toki berean.
 

Herritarrei deia, bat egiteko

Ohitura Zaharrak taldeak antolatu ditu entsaioak eta jarri du santa eskean ateratzeko hitzordua; baina ez dira taldekoak bakarrik bertaratuko. Are gehiago, herritar guztiei luzatu die deia taldeak, animatu eta azaltzeko. «Uste dugu ekimen garrantzitsua dela, herrian adin, jatorri... ezberdineko pertsonek bat egiteko; bat eginik jarduteko. Beraz, kantuan arituko gara, elkarrekin, txistularien eta bertsolarien laguntzaz. Zatoz parte hartzera!». Ostiraleko irteerarako ez ezik, astearteko eta osteguneko entsaioetarako ere bada gonbitea, parte hartu nahi duten herritar guztientzat.

Eta era berean, eskatu dute deialdia zabaltzea, ingurukoen artean: «irteteko gogoa duen lagunik ezagutzen baduzu, gonbidatu! Azaldu dadila!». Baserritar jantzia eramatea eskatu dute, lepoko zapi txuriarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!