Bigarren bideoklip sorta aurkeztu du Bizipozak, Biterin

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 30a, 00:00

Motxila 21 musika taldeak girotu zuen atzoko aurkezpen ekitaldia, erritmo biziko hiru abesti eskainita.

'Mundu berri bat guztiontzat' egitasmoaren bigarren zatia eskaini zuen atzo goizean, aretoa beteta, ekitaldi ikusgarri batekin.

Ia lepo bete zen Biteriko areto nagusia atzo, Bizipoza elkarteak antolatu zuen ekitaldirako. Mundu berri bat guztiontzat egitasmoaren bigarren zatia aurkeztu zuten bertan: 11 kantu berri egin dituzte, eta 11 bideoklip grabatu, 12 elkarteren partehartzearekin; eta bideoklip guztiak eskaini zituzten atzokoan.

«Emozioz betetako eguna da gaurkoa; irrikitan gaude sortutako kantu eta bideoklip guztiak aurkezteko», eman zion hasiera saioari Leire Elizegi Belokik, Bizipoza elkarteko koordinatzaileak: «aurreko urteak 12 elkarteren bideoklip eta kantuak aurkeztu genituen, eta gaurkoan beste 12renak ekarri ditugu». Eta Elizegik berak nabarmendu zuen, sortzaileek eta elkarteek egiten duten lana: «izugarrizko ekarpena egiten diozue gizarteari, eta ezinbesteko betaurrekoak jartzen dituzue guztion eskura, ikusteko, sentitzeko... Bihotzez, eskerrik asko horregatik, eta egunerokoan egiten duzuen lanagatik. Erakundeek bermatu beharko lituzketen eskubideen alde aritzen zarete egunero egunero. Guztion lana beharrezkoa da, gizarte inklusibo bat eraikitzeko».

Emanaldian zehar, beste hainbat elkartek, eragilek, erakundek... hartu zuten hitza; eta baita Xabier Zabala konpositoreak ere: berak konposatu ditu bigarren sorta honetako 11 abestiak. Honakoa da abesti guztien zerrenda, bakoitza dagokion elkartearena: Izan gure lagun (Gure Nahia eta Gure Señeak Elkarteak), Parke bat (Super H elkartea), Beste pauso bat (Ademgi elkartea), Guztiontzat (Bortzirietako Guztiok Taldea elkartea), Hogeitabira (Euskal Herriko Down Sindrome Fundazioa), Gaur gu gara eguna (Sanfilippo elkartea), Mundu bat non (Etiopia Utopia Fundazioa Tikal), Nahi ibili gurekin? (Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa eta Mindara elkartea), Misha Txikia (Chernobilen Lagunak elkartea), Txokotxoa (Beroa elkartea), eta Bizipoza Auzolan (Bizipoza elkartea). 12 elkarte horiek egunerokoan lantzen dituzten gaiei eta haien errealitateari buruzkoak dira abestiak eta bideoklipak, eta helburua da «elkarte bakoitzaren mezua gizarteratzea, musikaren, hitzaren eta irudiaren bitartez».

Joxe Mari Agirretxe eta Amaia Elizondo aritu ziren aurkezle lanetan, biak ere Bizipoza elkarteko talde eragileko kideak. Eta ez zuten hutsik egin Motxila 21 taldeko musikariek ere. Beraiek arduratu ziren emanaldia girotzeaz, hiru abesti eskainita: Gurpilak sutan, Mugitu zaitez eta Amalur. Bere musikaren errit­mo­ra, txaloka jarri zituzten denak, eta dantza egitea posible ez zenez, baita aulkien gainean ipurdiak mugitzen ere.

 

Bideoklip guztiak ikusgai, 'bizipoza.eus' webgunean

Atzo aurkeztu zituzten 11 bideoklipak (eta baita aurreneko sortakoak ere), dagoeneko ikusgai daude bizipoza.eus webgunean. Horietan, elkarteek ez ezik, kulturaren munduko makina bat artistak hartu dute parte: AMAK musika taldeak; Maialen Lujanbio, Alaia Martin, Jon Martin, Jon Garmendia Txuria, Sustrai Colina, Jon Maia, Onintza Enbeita, Oihane Perea, Andoni Egaña, Ane Labaka eta Igor Elortza bertsolariek; Gotzon Barandiaran idazleak; Anari Alberdi, Maren, Alex Sardui, Estitxu Pinatxo, Petti eta Jurgi Ekiza abeslari eta musikariek; Demode Quartetek...

Horrela, elkarteak eta sortzaileak elkarlanean aritu dira, bigarren sorta osatu duten 11 bideoklipak egiteko. Abestien CDa eta bideoklipen DVDa eskuragarri daude Elkarren, liburuxka formatuan. Bertan, elkarte bakoitzaren ilustrazio bana ere badago, Eñaut Aiartzaguenak egindakoa; elkarteen deskribapena, ipuintxoa, eta abestiaren letra ere bai, sortzaileen eta elkarteetako kideen taldeko argazkiekin batera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!