Oles egitera gatoz

Ezpala 2022ko urt. 29a, 00:00

Ohitura Zaharrak taldea Tilosetako eskaileretan, ate txiki parean, argazkirako prest aurpegi ezagunekin.

Aurten, Hernaniko Ohitura Zaharrak taldeak 60 urte beteko ditu Santa Ageda bezperan kantu-kantari.

Urteko bigarren hilabetera hurbiltzen ari gara, eta baita Santa Ageda bezperara ere. Usadioarekin jarraituz, otsailak 4an, ostirala, Hernaniko Ohitura Zaharrak taldea kantari irtengo da herriko kaleetatik barrena. Aurten, 60 urte beteko dira lehen aldiz irten zenez geroztik. Ez dira herrikide gutxi, urteak joan eta urteak etorri, taldearekin bat egin dutenak. Partaideak gogotsu daude urteurrena ospatzeko.

Joxe Mari Tomasena Albisturrek (Hernani, 1943) mende erdi gora urte daramatza Santa Ageda bezperan taldearekin parte hartzen. «Gazterik hasi nintzen lagun batzuekin batera: Arozena, Azkue, Garmendia… Gaur egun bezala, orduan ere, gazte eta ez hain gazteek osatzen genuen taldea. Pozgarria da oso, lagun-giroan, herrian barrena kantuan aritzea».

Urte hauetan guztietan, otsailaren 4an, era guztietako eguraldiekin aritu izanda kantari. «Behin, adibidez, Rioja tabernaren parean geundela, izugarrizko elurtea bota zuen. Aterkiak ez ziren gai elurraren karga eusteko!». Euria ere maiz izan du taldeak bidelagun. Beraz, behin baino gehiagotan etxeratu izan da blai eginda. «Baina kontentu!», azpimarratzen du irribarretsu.

Joxe Marik esker hitzak baino ez ditu herriko tabernari eta gastronomia elkarteentzat. «Beti, harrera ederra egiten digute, eta jarrera horrek asko laguntzen du. Oso eskertuak gaude euren gertutasunagatik».

Ekitaldiaren une bat aukeratu beharko balu, ibilbidearen azken txanpa litzateke hori. «Plazara iristeak badu zerbait. Hasieran, hotz hasten gara, baina kantuan egin ahala berotzen eta alaitzen joaten gara. Ordu dezente ematen ditugu elkarrekin, eta plazako amaierako saioa, momentu berezia izaten da» dio Joxe Marik. «Ardo ona bezala gara, denbora pasa ahala, hobea!».

Iñigo Beroitz Insaustik (Hernani, 1974) ere, harreman estua du Santa Ageda bezperarekin. «Gaztetan, Urumea Ikastolan, solista lanak egitea suertatu zitzaidan behin baino gehiagotan» gogoratzen du. 15-16 urte zituela, bere aitak –Joxe Ramon Beroitz Mitxirrika (Hernani, 1946-2020)– taldearekin batzera animatu zuen. «Beti izan dut gogoko musika, eta aitak taldearekin bat egitera gonbidatu ninduenean, lauzpabost lagunek ekin genion. Urte batzuk joan dira ordutik».

Santa Ageda bezperan kantari irtetea «berezia» da Iñigorentzat. «Ekimen alaia, taldean giro polita sortzen da… Kale buelta ederra ematen dugu. Kantatzeaz gain, tragoxka batzuk edanez eta eskaintzen dizkiguten jakiak dastatuz, ederki pasatzen dugu. Oso gomendagarria da». Eguraldia, dena delakoa izan arren, ez zaio «batere astuna» egiten parte hartzea: «Hurrengo egunean, lanera joan behar izatea, hori, agian…». Aurten ez da horrelakorik gertatuko, Santa Ageda bezperaren biharamuna, larunbata izango baita.

Ez du ukatzen Iñigok aurtengo ekitaldia berezia izango ez denik. Taldeak 60 urte betetzeaz gain, eta nahiz eta kantuan aita alboan izango ez duen, egun seinalatua izango da. «Premia nuen taldera itzultzeko eta gogotsu nago», eransten du.

Saioan zehar, bertsolariek, rol berezia betetzen dute. Xaxatzaileak dira. Hau da, direnak eta ez direnak dantzan jartzen dituzte euren kopla eta bertsoekin. Joxe Luis Urdangarin Goñi (Hernani 1972) bertso dezente botea da otsailaren 4 bat baino gehiagotan. «Ikastolako urteak amaitu eta bertso eskolan aritzen ginen lagun batzuk, Santa Agedako taldean parte hartzen hasi ginen. Orduko gaxteak eta helduak elkarrekin».

Joxe Luisentzat, urtean zehar Hernaniko Ohitura Zaharrakek antolatzen dituen saioen artean, Santa Ageda bezperakoa bereziena da. «Egun horretan, taldea, handia izaten denez, ‘kalearen jabe’ izaten da; horrek kantatzea dezente errazten du».

Urteroko ekitaldiaren data egutegiak zehazten du baina bertsotan, zein kantuan aritzeko, edozein egun da ona: «Baita astelehen buruzuria ere!», dio. Orduak aurrera joan ahala, partaideak animatu eta elkarrekin kantuan, hizketan… aritzen dira. «Hori oso lagungarria da; herritarren arrimuan, arratsalde ederra». A, bitxikeria bat. Joxe Luisen alaba gazteena, Santa Ageda bezperan jaioa zen. Zorionak Enara!

 

Bi Xabier, bi zaletasun

 

Ez dira Hernaniko Ohitura Zaharrak taldeko Xabier bakarrak. Baina bakoitzak badu zaletasun berezi bat. Kantuan egiteaz gain, taldearen ibilbidean zehar bi ‘lan’ burutzen dituzte; argazkigintza eta saioaren grabaketa.

Xabier Iriarte Ansorena (Hernani, 1960) laurogeigarren hamarkadan hasi zen koadrilako lauzpabost lagunekin batera Santa Ageda bezperan irteten. «Garai hartan taldeko partaideek, egungo Musika Eskolaren eraikinaren sotoan entseiatzen zuten, eta handik hasten zuten ibilbidea ere».

Halako batean, Xabier, bere zaletasuna, argazkilaritza, taldean gauzatzen hasi zen. Hasieran, «kamera kaskar» batekin ateratzen ei zituen argazkiak; egun, digital bat erabiltzen du. «Aldea dago! Orain errazagoa da. Lehen paperera pasa behar izaten ziren ateratako argazkiak ikusteko, eta askoz ere luzeagoa izaten zen prozesu guztia», gaineratzen du.

«Taldean, ohitura zahar bat gaurko egunean bizitzeko, urteko egun polita» bezala definitzen du Santa Ageda bezpera, Xabier Iriarte Ansorenak. A, eta argazki bat ateratzeko une edo leku bat aukeratu beharko balu, «saioaren amaieran, plazan,  egiten ditudanak ditut gogokoen», dio.

 

……………………..

 

Ez da gogoratzen noiztik den Santa Ageda bezperako taldekide baina argi dago, ez direla urte gutxi. Herriko abesbatza ezberdinetako partaide izan da, eta «Mitxirrikarekin koru batean elkarrekin aritu ginenez, Santa Ageda bezperan, bakarlari lanetan jarri ninduen», aipatzen du Xabier Etxeberria Aranburuk (Hernani, 1961).

«Gogoko dut otsailaren 4an kantatzea, ohitura zaharra mantendu eta ibilbidean zehar sortzen den giroagatik», dio Xabierrek. «Jendea ‘askatzen’ joan ahala, bidean ‘sueltoago’ egiten dugu kantuan; gure arteko giroa berotzen hastean, natural-natural aritzen gara».   

Beti izan du Xabier Etxeberria Aranburuk kantatzeko zaletasuna. Baita bertso-saioak grabatzekoa ere. Eta bide batez, kantu eta bertsoz osaturiko Santa Ageda bezperako taldearen kale-buelta jaso ohi du. Garai batean, ‘adreilu’ tamainako grabagailuekin aritzen zen; orain, digital bat ematen du eskutan.

Ekitaldian zehar, argazkiak ere ateratzen ditu: taldeak ze lekuetan kantuan egin duen, zer bertsolaria aritu diren… jakiteko. «Lehen, grabaturiko kaseten kopiak egin, informazioa erantsi, eta Bertsozale Elkartera bidaltzen nituen beraien dokumentazio zentroan kopia bat gorde zezaten». Beraz, ez dira urte gutxi, Xabier Etxeberria Aranburu, Hernaniko Ohitura Zaharrak taldeko ahots ondarearen biltzailea eta gordailua dela.

 

Elkarrekin

 

Pandemiak, ekimena eten zuen baina aurten saio bateratua berreskuratuko da. Ekitaldi hau, duela bi urte egin zen lehen aldiz, eta orduan bezala, Kantuz, Goiz Eguzki eta Musika Eskolako abesbatzak, eta Hernaniko Ohitura Zaharrak taldeak parte hartuko dute.

Ohitura duen bezala, talde bakoitzak bere kantu-ibilbidea egingo du baina arratsaldeko 19:00etan, batera kantatuko dute guztiek. Lau taldeek, herriari dei egiten diote ‘elkarrekin’ abestera. Ostiralean, azaldu plazara kantuan egitera eta ezin hobeto pasatzera!

 

Entseguak

 

Datorren ostiraleko irteerari begira, Hernaniko Ohitura Zaharrak taldeak, bi entsegu antolatu ditu. Otsailaren 1ean, asteartea, eta 3an, osteguna, arratsaldeko 19:30etan Biteri Kultur etxean egingo dira.

Bestalde, taldea, otsailaren 4an, ostirala, arratsaldeko 17:45etan irtengo da Milagrosatik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!