Aurtengo Korrikarako egingo diren egitasmoen berri eman zuen AEK-k

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 29a, 00:00

Atsegindegin egin zuten aurkezpena, eta herritar ugari bertaratu ziren.

Otsailaren 11n Korrika batzordea egingo da eragile eta herritarrekin, Biterin, arratsaldeko 19:00etan.

Martxoaren 31n Amurrion hasi eta apirilaren 10ean Donostian amaituko da aurtengo Korrika. Eta honi buruzko xehetasunak eman zituen Hernaniko AEK-k joan den ostegunean.

Lehenik, Korrikako mezuaren berri eman zuen AEK-k, «aurtengo leloa 'Hitzekin' da. Hitza eta ekintza lotuta sortu dugu. Hitz egiten duen herriak ekintza egiten du, aldaketa egiten du». Leloaz gain, AEK-ko ikasleek Korrikako mezua irakurri zuten, eta bideoklipa ikusteko aukera ere eduki zuten bertaratu zirenek. Pirritx, Porrotx eta Marimototx ere omendu zituzten: «euskeraren sustapenean eragile aktiboa izateagatik» batik bat.

Halaber, Hernanin Korrikaren inguruan egingo diren ekitaldi, egun eta ospakizunen berri ere eman zuten aurkezpenean, eta bertan laguntzeko hainbat modu helarazi zituzten, hala nola,  Korrika laguntzailea, kilometro salmenta eta Korrikako arropa, eta materiala. Gainera salgai daude dagoeneko Euskaltegian edo webgunean.

Eta, azkenik, osteguneko aurkezpena borobiltzeko,  Oier Iurramendik botatako bertso eder batekin eman zitzaion amaiera Korrika Hernani aurkezpenari.

Otsailerako, hainbat zita

Aurtengoan ere Korrika batzordea egingo da, eta AEK-k aurreratu zuen otsailaren 10ean edukiko dutela aukera herritar eta eragile guztiek bertaratzeko.   Euskaltegian izango da batzordea, arratsaldeko 19:00etan hasita. Bertan, Korrika eguna bideratuko da, izan ere, «martxoaren 5erako, Korrika eguna antolatuko dugu. Pentsatzen dugu haurrentzako mural margoketa egingo dugula, trikipoteoa, bertsoak...». Korrika erdigunean jarriko den egunaz gain, Korrika kulturala ere antolatu da, otsailaren 17rako 'Nazkatuta' bakarrizketarekin. k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!